Donostiak eta beste bederatzi udalerrik ez dute betetzen Hondakinen Legeak ezarritako gutxienekoa

Eguzki talde ekologistak Gipuzkoako hondakinen bilketari buruzko irakurketa kritikoa plazaratu du. Ohartarazi dutenez, Gipuzkoako hamar udalerrik, Donostia buru dutela (%41,58), ez dute betetzen Hondakinen Legeak 2025erako ezartzen duen gaikako bilketaren %55eko gutxieneko kopurua. “Ez da ustekabea, inondik inora, baina dagoeneko ofiziala da, Gipuzkoako Aldundiak duela egun batzuk 2024ko behin betiko datuak jakitera eman baititu”, adierazi du Eguzkik.
Hain zuzen ere, aldundiak pasa den astean jakinarazi zuen azken hamabost urteotan %8 murriztu dela hondakinen sorrera Gipuzkoan. Iazko Gipuzkoako birziklatze-tasa, berriz, %52,77koa izan zela gaineratu zuten.
Eguzkik dio iazko emaitzak ez direla oso onak, “kontuan hartzen badugu betetzen ez dutenen zerrendan Gipuzkoako lau udalerri handienetako hiru daudela”. Hau da, Donostia, Irun eta Eibar, eta hiru udalerri horiek biztanleria osoaren %38,3 biltzen dute. “Logikoa denez, hondakin gehien sortzen dituztenak dira”, nabarmendu dute. “Bestela esanda, Gipuzkoako biztanleriaren erdia baino pixka bat gutxiago bizi da %55eko gutxienekoa betetzen ez duten udalerrietan eta, zehazki, aipatutako bost horietan”.
Udalerrien tamaina eta bilketa
Eguzkiren ustez, ez dago lotura zuzenik udalerrien tamainaren eta gaikako bilketa egiteko zailtasunaren artean. Izan ere, udalerri batzuek Hondakinen Legearen %55eko azterketa gainditzen dute. Hala nola, Hernani (%76,81), Arrasate (70,06), Tolosa (69,43), Zarautz (62,72) eta Errenteria (55,50). “Herri bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina, berriro diogu, ez dago nahitaez lotura zuzenik udalerrien tamainaren eta gaikako bilketa egiteko zailtasunen artean”, berretsi dute.
Dena dela, talde ekologistak argi du lotura zuzena dagoela hondakinak gaika biltzeko ezarritako sistemen eraginkortasunaren eta lortutako emaitzen artean: “Donostiak, Irunek, Eibarrek eta gainerakoek emaitza onik lortzen ez badute, ez da handiak direlako, sistema eraginkorrik ezarri ez dutelako baizik”.