Errumaniako Eliza ortodoxoak Ubako eliza erabiltzen jarraituko du

Donostiako gotzain Fernando Prado Ayuso eta Espainiako Estatuko eta Portugalgo Errumaniako Eliza ortodoxoaren gotzain Timotei Felician Lauran Donostiako Gotzaindegian bildu ziren pasa den ostegunean (hilak 10), Ametzagaina parkeko Ubako eliza uzteko akordioa beste bost urtez berritzeko. “Akordio honi esker, Ubako elizan Gipuzkoako komunitate ortodoxoaren liturgia eta jarduera pastoralak ospatuko dira”, nabarmendu du gotzaindegiak. Errumaniako Eliza ortodoxoak 2010etik erabiltzen du eremu hori.
Akordioaren garrantzia nabarmendu zuen Pradok: “Gure anaia ortodoxoentzako gurtza leku bat izatea bizi nahi dugun abegi ebanjelikoaren adierazgarri agerikoa da. Batasun ikur bat da, eta, aldi berean, batzen gaituen anaitasunaren zehaztapena”. Era berean, esker oneko hitzak izan zituen Felicianek: “Elkarrekin, gizarte plural baten erdian, batasun testigantza ematen dugu”.