Euskara ikasteko eta egitasmo batzuk sustatzeko diru laguntzak onartu ditu udalak

Donostiako Udalak 38.900 euro bideratuko ditu hiriko zenbait euskaltegik kolektibo berezientzako ikastaroak egin ahal izateko. Hala nola, langabeei zuzenduriko 120 orduko ikastaroak, 16 eta 18 urte bitarteko gazteentzako 60 orduko ikastaroak, guraso, merkatari, ostalari, begirale eta erretiratuentzako 60 orduko ikastaroak eta AISA ikastaroak.
Diru laguntza hauek deialdi ireki baten bidez ematen dira, eta urtean zehar eskabideak aurkezteko bi aldi daude. Hain zuzen ere, aipaturikoak dira urteko lehen aldiari dagozkionak.
Bestalde, 18.680 euroko diru zatia onartu du udalak, enpresek, erakundeek eta sozietate publikoek hainbat euskara egitasmo sustatzeko.
- Donostia Kultura: Euskara Plan berria lantzeko eta garatzeko jarduerak.
- Dbus: euskararen erabilera sustatzeko jarduerak.
- Polloe hileta zerbitzua: bisita gidatuak herritarrentzat eta ikastetxeetako gazteentzat.
- Donostia Sustapena: Euskara Plan berria garatzeko jarduerak.
- Donostia Turismoa: bisitariei eta turistei euskara ezagutarazteko webgunearen hobekuntza eta edukien lanketa.