Igarako ubidearen eremua lehengoratuko du udalak

Igara ubidearen ibilgua ingurumen aldetik lehengoratzeko proiektuko obren kontratazio espedientea onartu du Donostiako Udalak. EHUren campusaren hegoaldean dago, eta lanak egiteko 130.680 euroko lizitazio aurrekontua eta hamaika asteko epea izango dute.
Proiektu honen bidez, Osasun eta Ingurumen Zerbitzuak hainbat helburu ditu. Alde batetik, Ibaetako haltzadian dauden espezie aloktonoak ezabatzea, haltzadi kantauriarreko espezieen zerrendan sartzen ez direnak, eta oihanpea leheneratzea. Eta bestalde, hezeguneari dagokionez, aparkalekutik bertara iristen diren uren kalitatea hobetu nahi da, iragazteko sistema baten bidez. Sistema hori naturan oinarritutako soluzioak erabiliz eraikiko da, eta fitoarazte edo iragazte sistema berde batera konektatuko da.
Horren bidez, ibai ekosistema leheneratu nahi da, espezie egokien kopurua handituz, galtzeko arriskuan dauden espezieen habitata handituz eta haltzadi kantauriarra, interes komunitarioko habitata, babestuz.
Proiektu hau Donostiako euri-uren eta erreken ingurumen-kudeaketa jasangarria (PluSSS) proiektuaren esparruan egin da (B4.1 ekintza). Proiektu horrek Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Biodibertsitatea Fundazioaren (MITECO) laguntza du, Europar Batasunak finantzatutako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) esparruan.