'Itsasharian' ikuskizuna eskainiko du bihar Kresala dantza taldeak kaian

Kresala dantza taldeak Itsasharian emanaldia eskainiko du bihar, Karmen egunean, San Pedro ermitaren atarian. Itsas munduko gizon-emakumeei urteroko omenaldia egingo die Kresala taldeak aurtengo 57. edizioan, Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioaren eta Donostiako Udalaren laguntzaz. 13:00ean izango da emanaldia.
“Itsasharian obrak euskal dantzaren eredua du ardatz nagusi, bere sustraiak itsas ondare tradizional batean hondoratzen dituena, eta horren gainean egituratzen da bere etorkizuneko garapena. Kostaldeko pieza bilduma txiki eta laburra da, publiko zabalarentzat antzinako herri-lanen xarma eta txinparta berraurkitzen duena”, azaldu du dantza taldeak.
Lekeitioko kaxarrankatik hasita, Pasaiako batelarien eta karrika dantzetara doazen saioak dira. Programa horiek guztiak Azkue, Baroja edo Estornes ikertzaileek aztertu zituzten, eta Pablo Sorozabal, Elena de Arizmendi eta Gene Yurre bezalako egileek egindako irakurketa berriak izan zituzten abiapuntua XX. mendearen erdialdera.