Turistifikazioaren aurkako SET sareak dio bere «benetako potentziala» erakusten hasi dela
Argi dute mobilizatzen eta ekintzak gauzatzen jarraituko dutela: "Gure bizitzek beren irabaziek baino gehiago balio dutelako".

Donostiako desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak deituta, manifestazio jendetsua egin zuten Donostian herritar ugarik ekainaren 15ean, hiriaren turistifikazioa eta horren ondorio kaltegarriak salatzeko. Europako hegoaldeko turistifikazioaren aurkako SET sarearekin koordinatuta egin zuten manifestazioa, eta antzeko mobilizazioak egin zituzten Europako hegoaldeko beste hainbat hiritan egun berean. Orain, sareak mobilizazio koordinatuen balorazioa egin du, baita jendearen erantzunarekin pozik agertu ere.
“Bartzelona, Kantabria, Kordoba, Donostia, Eivissa, Granada, Genoa, Lisboa, Menorca, Napoli, Palma, Venezia… kaleak manifestazio handiekin, ekintza sinbolikoekin eta salaketa eta eztabaida ekintzekin bete ziren. Leku bakoitzean bere berezitasunekin, bere testuinguruaren eta bere unearen arabera, baina guztiek ideia nagusi berarekin: Europa hegoaldea azken hamarkadetan jasaten ari den turistifikazio prozesua geldiarazteko eta lehengoratzeko beharra; eredu ekonomikoa eraldatzeko beharra; hiriak, lurraldeak eta bizitzeko planeta bat izateko”, nabarmendu du sareak.
2018an jaio zen SET sarea, eta, diotenez, orain hasi dira euren “benetako potentziala erakusten”: “2025 honetan, iaz Europa hegoaldeko hainbat lekutan izandako mobilizazio historikoen ondoren, sarea bere benetako potentziala erakusten hasi da. Aldi berean modu koordinatuan mobilizatzeak, batzeko ez ezik, gure ahotsak biderkatzeko aukera eman digu, borroka koru indartsu batean. Eta ez gaude bakarrik. Gero eta jende gehiagok ulertzen du turismo eredu hau ez dela aurrerabidearen sinonimoa; kanporatzearena, prekaritatearena eta suntsipenarena baizik”.
Nabarmendu dutenez, “zentzu komuna aldatzen ari da: turismoaren mitoa salbazio ekonomiko gisa amaitu da”: “Gure bizitzan ikusten duguna —eta sufritzen duguna— oso bestelakoa da: etxebizitza izateko eskubidea galtzea, bizilagunez hustutako auzoak, gero eta lan prekarioagoak eta deshumanizatzaileagoak, bizitzaren garestitzea, lurraldea suntsitzea, oinarrizko baliabideak saturatzea, eta baita gure eguneroko mugikortasuna mugatzea ere. Dena gutxi batzuei bakarrik mesede egiten dien eredu bati eusteko”.
“Horregatik gara gero eta gehiago”, gehitu dute: “Ahotsa altxatzen duten pertsona gehiago, antolatzen diren kolektibo gehiago, erresistentzian dauden lurralde gehiago. Turistifikazioak gutxi batzuek hautemandako arazoa izateari utzi dio: belaunaldiak, eskolak eta lurraldeak zeharkatzen dituen kezka orokortu bihurtu da. Eta hau hasi besterik ez da egin”.
Horrela, argi dute mobilizatzen eta ekintzak gauzatzen jarraituko dutela: “Litekeena da irailaren 27an turistifikazioaren aurkako ekintzak egitea, Turismoaren Munduko Eguna dela eta. Turistifikazioaren aurkako borroka hazten, hedatzen eta antolatzen ari da. Gure bizitzek beren irabaziek baino gehiago balio dutelako”.