Udalak adierazi du Maliko asilo eskatzaileei arreta emateko baliabide bila dabilela

Udalak adierazi du Amara Berrin Zehar elkartearen bulegoaren aurrean lo egiten duten Maliko asilo eskatzaileei arreta emateko baliabide bila dabilela. Horrela azaldu zuen atzo Gizarte Ekintzako zinegotziak, Mariaje Idoetak, EH Bilduren interpelazio bati erantzunez.
Zinegotziak azaldu zuen hilabete honetan 35 gaztek lortu dutela euren eskaerari erantzun bat ematea, eta datozen asteetan, egoerak hobera egitea espero duela. Hala ere, bitartean, udala Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean ari dela nabarmendu zuen Idoetak, Maliko asilo eskatzaileei arreta emateko baliabide bat aurkitzeko. Zinegotziaren arabera, ordea, ez da erraza izaten ari baliabide hori topatzea.
Horrez gain, zinegotziak azaldu zuen auzo elkarteekin eta hirugarren sektoreko agenteekin ere harremanetan dagoela, pertsona horien “eguneroko beharrak asetzen jarraitzeko”. Bestalde, Caritasekin ere harremanetan jarri direla adierazi zuen Idoetak, asilo eskatzaileei “gutxieneko arreta” eman ahal izateko, janaria eta garbitzeko gunea, hain zuzen.
Era berean, Donostiako Udala Espainiako gobernuarekin ere jarri da harremanetan, “izapideak bizkortzeko” eskatzeko. “Gure eskaerari esker, areagotu egin da asilo eskatzaileei emandako arreta”, esan zuen Idoetak.