Adrenalized taldeak agur esatea erabaki du

25 urte inguruko ibilbideari bukaera ematea erabaki du Donostiako Adrenalized taldeak. Agurra sare sozialetan iragarri dute ohar luze eta esanguratsu batekin. Ezustekoa izan da askorentzat, Japonian duela gutxi egindako kontzertu biraren ondoren jakinarazi dutelako.
Hardcore melodiko azkarra jorratuz, kontzertu basatiak eskaini dituzte Euskal Herriko eta atzerriko agertoki txiki eta handietan. Guztira, lau disko argitaratu dituzte, eta horiek denak haien Bandcamp atarian eta plataforma digitaletan entzun daitezke.
Agurraren arrazoiak gaztelaniaz plazaratu duten oharrean azaldu dituzte. Pasarte batzuk jaso eta euskaratu ditugu:
“Ia 25 urtez, Adrenalized banda bat baino askoz gehiago izan da. Proiektu horretan murgildu ditugu gure ilusioak, gure frustrazioak, gure energia eta lau haizeetara umilki oihukatzeko gogoa. Urte hauetan guztietan musika, birak, lagunak, erronkak eta ikasitakoak konpartitu ondoren, gaur gure bizitzako etapa garrantzitsuenetako bat ixten dugu.
Ez da erraza orain aurre egin behar izan diogunaren pareko egoerak kudeatzea. Ez da erraza adostasuna lortzea, ezta ere ia 25 urteko historia duen talde bat desegitea bezalako erabaki bat hartzea. Baina asko hitz egin dugu. Elkar ulertzea bilatu dugu, eta egoerak eskatzen duen mailan egon nahi dugu, beti saiatu garen moduan.
Azken egunotan, talde gisa ditugun ideiekin bateraezinak diren egoera oso desatseginak aipatzen dituzten testigantzak atera dira argitara. Orain arte ez genuen horien berri. Agerpen horiek hausnarketa sakon batera eraman gaitu, eta tentsioak eta aurretiko zauriak gehitu behar zaizkio, nahiz eta une jakin batzuetan gaindituak ziruditen, inoiz ez baitziren erabat orbaindu.
Horrek guztiak ondorioztatu digu zintzoena proiektu honi amaiera ematea dela. Tristuraz agurtu genuen elkar, baina baita esker onez eta konbentzimenduz ere, hori baita, kontzientzian, erabaki zuzena”.
Duela egun batzuk Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuan musikari donostiar baten kontrako salaketa anonimo bat argitaratu zen. Ematen dituen datuen arabera, ustez Adrenalized taldeko musikari bat izan daitekeela ondorioztatu daiteke.