Donostiako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak «uda segurua pasatzeko gomendioak» aurkeztu dituzte

Uda segurua pasatzeko gomendioak izena jarri diote Donostiako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak elkarlanean abiatu duten kanpainari. Hain zuzen ere, hiritarrei segurtasun gomendioak ematea du helburu, “lapurretak eta pertsonentzat arriskutsuak izan daitezkeen jarrerak saihesteko”.
Martin Ibabe Hiri segurtasun, Babes Zibileko eta Suhiltzaileetako zinegotziak aurkeztu du kanpaina, hainbat udaltzainekin batera. Kanpaina hiriko hainbat lekutan kokatzen diren iragarki euskarritan ikusi ahal izango da, besteak beste, termometroetan edo Dbus udal autobusetako telebistetan, baita ere udalaren gizarte sareetan.
Hortaz, kanpainak donostiarrei gomendatzen die diru zorroa eta telefono mugikorra agerian ez eramateko; kutxazain automatikoetatik dirua ateratzean bakarrik ez egoteko; lapurretan baten ondoren, kreditu txartelak eta telefono mugikorrak bajan emateko; edo edozein larrialditan eta informazioa eskatzeko agenteengana jotzeko.
Era berean, eta udan zehar auzo ezberdinetako jaietara joango diren pertsonei zuzenduta, ezezagunekin arreta handiz jokatzea gomendatu dute. Era berean, alkohola arduraz kontsumitzeko eta alkoholdun edariak kontsumitu ondoren inoiz ez gidatzeko. Halaber, hiritarrei eskatzen diete, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren oharrei kasu egiteko eta 112 edo 092 telefonoetara deitzeko baldin eta delituren bat ikusten badute.
Etxebizitzetako segurtasuna
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hainbat gomendio berezi sartu dituzte kanpainan oporretara joaterakoan etxebizitzetan lapurretak saihesteko. Horrenbestez, besteak beste, honako neurriak hartzeko gomendatzen dute: dirua agerian ez uzteko eta kreditu txartelak eta horien gakoak leku bereizietan gordetzeko; postontzia sarri husteko; gizarte sareetan bidaia-planik, helbiderik edo datu pertsonalik ez argitaratzeko; etxean norbait dagoela pentsarazteko neurriak hartzeko; eta etxeko itxiera sistemak aztertzeko eta indartzeko.
Salaketak online
Ibabek ere gogorarazi du Udaltzaingoak salaketak online egiteko kanala duela. Hau da, polizia etxe batera joan gabe. B@kq ziurtagiria erabilita salaketa jartzeko kanala dago. 2023.urteko udan martxan jarri zen zerbitzua, Udaltzaingoak eskaintzen dituen zerbitzuak modernizatzeko prozesuaren barruan. Ondorioz, salaketak ziurtagiri digitala erabilita sinatzeko aukera sartu zen, eta beraz, ez da beharrezkoa polizia etxera joatea.
Zerbitzuak bi urte bete ditu, eta Ibabek adierazi duenez, gehienbat salatu diren delituak diru zorro, poltsa edo horrelakoen lapurretak izan direla, baita bizikleten lapurretak, ibilgailuetan kalteak, objektuak galdu izana eta delitu informatikoak ere. 2023.urtean Udaltzaingoak 219 salaketa tramitatu zituen (ekainetik abendura). 2024.urtean berriz, bide honetatik jasotako salaketak 641 izan ziren (Udaltzaingoan jasotako salaketa guztien %6,5) – beste hamabost salaketa ere jarri ziren, baina beste udal departamentutatik tramitatu beharrekoak ziren –. 2025ean, aldiz, orain arte 340 salaketa jarri dira kanal hau erabilita.