Jokoak programa bigarrenez egingo dute, hilaren 19an

Donostia Kirolak Jokoak programaren bigarren edizioa antolatu du, “Donostiako kaleak gozamen kolektiborako kirol agertoki bihurtzeko”. Hain mediatikoak ez diren kirol diziplinak ikusaraztea eta herritarren artean horien praktika sustatzea du helburu. Larunbatean izango da, hilaren 19an, eta jarduera guztiak doakoak eta irekiak dira. Programazioa Donostia Kirolaren webgunean kontsultatu daiteke.
Hiriko hamar gunetan egingo dituzte kirol jarduerak: Zuloaga plaza, Bulebarra, Egia, Urumea, Sagues, Nautikoa, Ondarreta, Antiguako frontoia, eta Zurriolako eta Kontxako hondartzak.
Programak hogei kirol modalitate baino gehiago biltzen ditu. Hala nola, atletismoa, arrauna, padel surfa, piraguismoa, mahai tenisa, badmintona, 3×3 saskibaloia, arte martzialak, gimnasia erritmikoa, joko garbia, hockeya, waterpoloa, eskalada, hondartzako boleibola, futboleia eta esgrima, egokitutako esgrima barne, eta hiriko hamalau klub eta kirol agenterekin lankidetzan garatu da.
“Herritarrek diziplina berriak ezagutzea eta hiria modu aktibo eta parte hartzailean bizitzea nahi dugu. Jokoak klubek urte osoan egiten duten lana ezagutarazteko aukera bat da”, nabarmendu du Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak.