Arconada omenduko dute Realeko atezain guztiek hurrengo denboraldian

Urrian, mende erdi beteko da Luis Arconada futbol atezain historikoak Realarekin debuta egin zuenetik; 1975ean izan zen, Atotxan, Liverpool talde ingeles handiaren aurka. “Hura ibilbide mitiko baten hasiera izan zen, lehen taldearekin 551 partida ofizial jokatuta bukatu zena, ez da gutxi! Ibilbide horretan, futbolaren munduak, bere adierazpen gorenean, gure atezain maitea miretsi zuen, eta historiako atezainik onenetako bat zela ere esan zuen, merezimendu osoz esanda ere. Eta gaur egun ere hala da”, nabarmendu du Realak.
Horrela, urteurren borobila baliatuta, klub txuri-urdinak Arconada omentzea erabaki du, 2025-2026ko denboraldi osoan zehar. Hain zuzen ere, Arconadak bere garaian erabiltzen zituen elastikoak birsortu dituzte, eta horiek erabiliko dituzte atezain txuri-urdinek: “Realeko atezain guztiek, gizonek zein emakumeek, Luis Arconadak aldean zeramatzan eta maitasun handiz gogoratzen ditugun jantziak jantziko dituzte partida bakoitzean. Lider izaten, hegan egiten, bere jendea hunkitzen eta tituluak altxatzen ikusi dugu. Urdinarekin, laranjarekin eta berdearekin. Eta beti, maite zituen galtzerdi zuriekin”, azaldu du klubak.