Film laburren lehiaketan izen emateko unea iritsi da
Abuztuaren 17a arte egongo da irekita izen emateko epea.

Zinemaldirako film laburren deialdia gaurtik aurrera ireki dute. Donostiako Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekimena da, gertuko produktuak zinemaren bitartez zabaltzeko eta babesteko. Beraien helburua nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza munduko jasangarritasunarekin lotutako guztia bultzatzea eta ezagutaraztea da.
Izen ematea Zinemaldiaren webgunean egin daiteke eta abuztuaren 17a arte egongo da irekita epea. Filmaren luzerari dagokionez, gehienez hiru minutuko iraupena izan beharko dute eta mugikorrarekin grabatuta egon beharko dira. Euskadiko landa inguruneak, kostaldeak eta lehen sektoreak hiri gizarteari egiten dion ekarpenari buruzko mezu positiboen inguruan jarduten duten gaiak aukeratu beharko dituzte lehiakideek.
Zinemaldiaren Hautespen Batzordeak sei film labur aukeratuko ditu aurkeztutako guztien artean. Ondoren, bi irabazleak aukeratzeko, adituz osatutako epaimahai batek filmak aztertuko ditu. Lehen postuak eskuratzen duenak 6.000 euro irabaziko ditu, bigarrenak, berriz, 4.000. Gainera, bi pelikulak Zinemaldian emango dira.
Aurten ere, lehian dauden lanez gain, Donostiako Zinemaldiak ekoitzitako film laburrak izango ditu. Iaz Mikel Gurreak, Andrea Jaurrietak, Borja Crespok, Iratxe Fresnedak eta Jaiona Cambordak hartu zuten parte.