Kolore eta emozioen nahasketa, Ekain Arte Lanak 'Udara' erakusketan
Maria Aztiria eta Nora Pilartek 'Udara' erakusketa aurkeztu dute Ekain Arte Lanak galerian. Abuztuaren 30a arte egongo da ikusgai.

Ekain Arte Lanak galerian Udara talde erakusketa ikusgai egongo da gaurtik aurrera. Maria Aztiria eta Nora Pilarteren obrak izango dira arte galeriaren protagonistak. Bi artisten artelanen fusioa “helburu berdina duten bi begiraden nahastea” da. Atzo prentsarentzat egin zuten aurkezpenean biei galdera berdina etorri zitzaien burura: “Zer da oreka?”.
Lehenengo aldiz galerian sartzean, ohartuko gara bi obrek ez dutela zerikusirik elkarren artean, hala ere, bi artisten koadroen arteko kontrasteak sortzen du oreka. Gelaren alde batean forma geometrikoak aurkitu daitezke, bestean, berriz, zertzelada askea eta leherkorra. Bi koadroak paregabeak dira, baina baita oso antzekoak ere. Mihiseen aurrean jarrita bakarrik antzeman daiteke hori, hitzekin deskribatu ezin daiteken sentsazioa baita.
“Forma sinple eta abstraktuekin identifikatzen naiz”, aitortu zuen Aztiriak aurkezpenean, horregatik, bere obretan minimalismoa eta oreka erraz aurkitu daitezke. Isiltasun giroa lortzea izan da bere helburu nagusia, izan ere, bere koadroetan ez dago zorian utzitako kolore edo formarik. Minimalistak ez diren obra batzuk baditu, baina oraingoz “segurtasun handiagoa” sentitzen du arte modalitate horretan. Berak diseinu grafikoa ikasi zuen eta, ondorioz, beti besteentzat egin behar zuen lan. Orain, ordea, berak erabakitzen du bere obraren norabidea.
Pilartek, ordea, arte abstraktua eta figuratiboa sortzen ditu. Bere mihiseak, agian, ez ditu edozeinek ulertzen, baina hori da berarentzat benetako erronka: berak artea ulertzeko duen modua besteei iristea. Koadroetan koloreek garrantzia handia dute, eta bakoitzak funtzio berezia du: egunak, asteak eta hilabeteak pasa daitezke kolore aproposa aurkitu baino lehen. Beraz, artelana sortzeko, lehendabizi ideia bakoitzak bere barnean garatu behar du.
Erakusketa abuztuaren 30a arte egongo da irekita.