Lehertu dira karmenak kaian, Bretxako baserritarren txupinazoarekin

Karmen egunarekin hasi ziren atzo kaiko Karmengo jaiak. Goizean, Aita Mariri lore eskaintza egin ondoren, Karmengo Ama Birjinarekin abiatu ziren prozesioan, itsasontziz.
Festak arratsaldean izan zuen jarraipena, haur danborradarekin. Ondoren, 19:30ean, buruhandi eta erraldoien kalejira eta txokolate jana egin zituzten, eta 20:00etan iritsi zen txupinazoaren unea. Aurten, Bretxako merkatuko baserritarrek bota dute txupinazoa, izan ere, jai batzordeak aitortza eskaini nahi izan die, “azken urteotan bizitzen ari diren egoera zaila” dela eta. Baserritarrek “eskerrik beroenak” eman zizkieten jaien antolatzaileei: “Gurekiko elkartasuna adierazteaz gain, ohore handia da txupinazoan parte hartzea. Gure funtsa, dakizuen bezala, baserrian lan egin eta bertako produktuak merkatura ekartzea da. Ia mende eta erdiz bizirik iraun duen Donostiako azken plaza merkatua gara, baina orain, udalak, Arrandegi eraikin barrura eraman nahi gaitu, aspaldi emandako hitza eta konpromisoa hautsiz”.
Horrela, adierazi zuten beraiek plazan egoten jarraitu nahi dutela, “ondare bizia eta oso beharrezkoa delako, orain eta etorkizunean”. Era berean, Palestina ere gogoan izan zuten baserritarrek: “Gurekiko jaien elkartasuna zuekin batera zabaldu nahi dugu, askoz larriagoa den Palestinako herriaren aldekoarekin, eta baita gerra eta menperakuntza pairatzen ari diren herri guztien aldekoarekin”.
Diskurtsoaren ondoren, jaietako zapiak banatu zizkieten jai batzordekoek agertokira igo ziren hiru baserritarrei, eta jarraian, txupinazoa bota zuten. Gauean, kontzertuez gozatzeko beta egon zen bertan, La Jodedera eta Txapela Brava taldeekin.
Gaurtik igandera bitarte, karmenek ez dute etenik izango. Hemen ikus dezakezue egitaraua.





























