Bizilagunen elkartasuna, Maliko asilo eskatzaileen aringarri
Hilabeteak daramatzate Maliko 50 asilo eskatzaile inguruk Amara Berriko Kofradien plazan kalean lo egiten, paperak noiz eskuratuko zain. Auzotarren eskuzabaltasunari esker, itxaronaldia arinagoa egiten saiatzen dira, baina instituzioek ardura hartzeko eskatu dute.

Astearte goiza da, eta erlojuan 09:30ak emateko hiru minutu falta direnean, zain daude Amara Berriko Kofradien plazan lo egiten hilabeteak daramatzaten Maliko asilo eskatzaileak, bizilagunek gosaria noiz ekarriko zain. 09:30ak puntuan iritsi dira lau auzotar, erosketen orgak goraino beteta. Maliarrak ilaran jarri, eta ogia, sardina lata, platanoa, esnea eta madalenak banatu dizkiete, banan-banan. “Gaur, 50 gosari izan dira”, adierazi dute bizilagunek, banaketa amaitu ostean.
Joan den ekainaren 20tik plaza horretan goizero-goizero errepikatzen den irudia da, izan ere, egun horretan hasi baitzen Cecilia Casado auzotarra gosariak ematen. “Kanpoan eman nuen hilabete eta erdi, eta berriro auzora itzuli nintzenean, autoa aparkatu, eta hunkitu egin ninduen egoerak, inoiz ez genuelako horrelako ezer ikusi hemen. Frantsesez badakit, eta beraien azal koloreagatik, pentsatu nuen Senegalekoak edo ingurukoak izango zirela, frantsesez hitz egiten zutela alegia, eta beraiekin hitz egitera joan nintzen”, azaldu dio hedabide honi Casadok.
Orduan, Malikoek azaldu zioten ia hilabete zeramatela kalean lo egiten, eta horra bidali zituztela, Espainiako Barne Ministeriora paperak eskuratzera joateko zitak ematen dizkien bulegoa gertu dagoelako. Era berean, plaza horretan dago Zehar Errefuxiatuekin batzordearen bulegoa ere. “Beraiekin hitz egiten ari nintzela, emakume bat etorri zen supermerkatutik zuzenean, eta gosaltzeko hainbat jaki eman zizkien. Galdetu nion zertara zetorren hori, eta esan zidan gosez zeudela, eta denbora asko zeramatela horrela. Hurrengo egunean, nire lagunei eta bizilagunei deitu nien, azaltzeko egoera zein zen, eta ea nor animatzen zen gosariak ematera. Horrela, bakoitzak bere dirua jarri zuen, supermerkatura joan ginen, eta 40 pertsonarentzako gosaria erosi genuen. Gaur, 50 daude, baina 60 pertsona ere eduki izan ditugu. Eta 50 dira gaur gosariaren bila etorri direnak, beste batzuek, agian, beste auzotarren batek emandako zerbait jan dutelako eta ez direlako gosari bila etorri”, nabarmendu du Casadok.
Gaur egun, hamabi auzotar inguru aritzen dira gosariak ematen, eta Casadok koordinatzen ditu, beti berdinak joan ez daitezen. “Okerrena jendea liskarra sortzera etortzen denean izaten da. Esaten digute jana ematen diegun bitartean, Malikoak ez direla joango, eta udalak bidali egin behar dituela. Nik beti berdina erantzuten diet; mugikorra ateratzen dut, eta esaten diet: ‘Begira, Eneko Goiaren zenbakia emango dizut. Badakizu nor den? Ba, deitu iezaiozu, bera baita gertatzen ari denaren arduraduna hiri honetan, eta gainetik ditu aldundia, Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua'”, azaldu du Casadok, eta gehitu du ardura ez dela auzotarrena, baina elkartasunagatik egiten dutela.
Barne Ministeriorako zitak
Egoera horrela dagoen bitartean, Maliko asilo eskatzaileek ez dute erraza Barne Ministerioan paperak eskuratzera joateko zita lortzea. Mugikorrarekin eskatzen dute zita, eta astelehenero bi ordu daude horretarako, 16:00etatik 18:00ak arte. Lehenengo hamabiek lortzen dute, eta gero, astean zehar esaten diete noiz joan behar duten ministerioaren egoitzara. Gainerakoek, aldiz, zain jarraitu behar dute hurrengo astera arte; eta horrela, etengabe.
Hori dela eta, bizilagunek asilo eskatzaileentzat baliabideak eskatu dizkiote udalari, lo egiteko aterpe bat eta baliabideak izan ditzaten, kalean lo ez egiteko. “Instituzioek toki bat lortu behar dute, hemen ditugu Anoetako frontoia eta Gaska, hutsik daudenak, eta aldagelak eta motxilak uzteko kontsignak dituztenak”, nabarmendu dute.
Eta udalari hitzordua eskatu badiote ere, udalak ez diela “harrera egin nahi izan” salatu dute, nahiz eta “interpelazioak eta idatziak” egin dituzten. “Erabateko isiltasun administratiboa dago”, azaldu dute. Horrez gain, aldundiarekin bilera bat izatekoak ziren atzo —astekari honen edizioa ixteko momentuan, asteazkenean, oraindik bilera ez da egin—. Bestalde, Elikagaien Bankuak lagunduko diela dirudi, baina aterpetxeak beteta daudela eta Gurutze Gorriak eta Caritasek ezin dutela ezer egin esan diete bizilagunei. “Parrokiek ere ez dute ezer esan, baina bueno, sistema gaizki eginda dago, eta hori da dagoena”, adierazi du Casadok. Oraingoz, behintzat, aldi baterako osasun txartela lortu ahal izan dute, ospitalera joan daitezen, eta kultur etxean gela batzuk utzi dizkiete udan, boluntarioak gaztelaniako eskolak ematen ari baitzaizkie. “Ahal duguna egiten dugu”, nabarmendu dute.
Auzotarrekin eskertuta
Malikoak iritsi eta hilabetera, bazkari solidario bat egin zuten auzoan, asilo eskatzaileei ongietorriak zirela adierazteko. Horrela, harremana estutu zuten elkarren artean, eta gaur egun, badago bizilagunen talde bat, haurrekin eta Malikoekin jolasean aritzen dena, Kofradien plazan bertan. Gainera, joan den igandean, esker ona adierazteko, asilo eskatzaileek bazkaria prestatu zieten auzotarrei elkarte batean. “Hemen daudenetako bi sukaldariak dira, eta beraien ekimenez egin genuen ekitaldi hori. Sukaldariak ez ezik, hemen elektrikariak, igeltseroak, ingeniariak, musikariak eta sukaldariak daude, besteak beste”, nabarmendu du Casadok. Egoera aurki hobetzeko esperantzaz, elkartasunaren isla da auzoa orain.