Imajinatu, batzuentzat zaila bada ere

Imajinatu, txikitan, amonak zaintzen zintuen garai haiek. Imajinatu zaitez berarekin eskolatik irtendakoan, hondartzan eta etxera bueltan, afaldu aurretik dutxatzen laguntzen zintuenean. Imajinatu amona zuri janaria prestatzen, edo gurasoak lanetik etorri aurretik, zuri etxerako lanak egiten laguntzen.
Imajinatu orain, urteak pasatu direla, eta laguntza behar duena amona bera dela. Imajinatu eguneko zentrora edo erresidentzia batean bizitzera eramaten duzula, bere bizitzako azken urteak ahalik eta ondoen igaro ditzan. Imajinatu, baita ere, leku horietako langileak lanuzteak egiten ari direla, hain zuzen ere, beraien lan eta bizi baldintzak ere ez direlako batere onak. Imajinatu prekaritate horrek denei eragiten diela, bai langileei eta baita amonari ere.
Baina lanuzteak egin behar dira. Hain zuzen ere, badirudielako agintariek ezin ditzaketela imajinatu euren amonak, aitonak edo dena delakoak haiek ere zainduak izateko beharra izaten. Ezin dutela langileek ere duinki zainduak izateko eskubidea dutela imajinatu. Zerbaiten ardura duenak, ardura hartu behar du. Hori da bere lana.