Kaiko amarralekuen banaketa «zuzenbidearen aurkakoa» izan zela ebatzi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Justizia Auzitegi Nagusiak ontzat eman ditu Donostiako kaiko amarralekuen banaketaren aurkako helegiteetako bi, banaketa hori “zuzenbidearen aurkakoa” izan zela ebatziz eta prozesu osoa kolokan jarriz. “Ez da zilegi jokoaren arauak aldatzea esleipena ebazten den ebazpen berean”, dio auzitegiaren ebazpenak.
Aspalditik datorren afera da kaiko amarralekuena, zehazki, 2017tik. Urte horretan, Eusko Jaurlaritzak aisia ontzien titularrek amarralekuak erabiltzeko emakidak emateko prozedura arautzen zituen araubidea atera zuen. Horretan oinarrituta, 2021eko martxoan, Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakundeak, Jaurlaritzaren mendekoak, kaiko 384 amarraleku publikoen erabilera (hamabost urterako) adjudikatzeko deialdia ireki zuen.
2021eko irailean, adjudikazioen zerrenda argitaratu zuen EKPk eta, hilabete berean, zerrendetan akats batzuk zeudela onartu zuen Edurne Egaña zuzendariak, baita zuzenketak egingo zituztela iragarri ere. Urrian, adjudikazioaren aurkako gorako errekurtsoetako bat onartu zuten eta, beraz, berriz egin behar izan zuten amarralekuen banaketa. 2021eko azaroan egin zuten bigarren banaketa hori, baina orain, ia lau urteren ondoren, ezbaian gelditu da prozedura osoa, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenarekin.