Loiolako kuartelen salerosketaren eskriturak asteazkenean sinatuko dituzte
Eskriturak sinatzen dituzten unetik aurrera, Espainiako militarrek lau urte izango dituzte eremutik joateko. Bertan, 1.700 etxebizitza eraikitzeko asmoa du udalak.

Argia ikusiko du, azkenean, Loiolako kuartelen aferak: asteazkenean, hilaren 23an, sinatuko dituzte salerosketaren eskriturak, Donostiako Udalak jakinarazi duenez. Horrela, kuartelen eremua udalaren eskuetara pasatuko da azkenik, Urumeako ibarrean garatzeke gelditzen den azken eremuan auzune berri bat sortzeko bidean aurrerapauso garrantzitsua emanez. Udalak eta INVIED Defentsako Etxebizitza, Azpiegitura eta Ekipamenduiko Institutuak, Espainiako Gobernuaren Defentsa Ministerioaren mendekoak, Donostian sinatuko dituzte eskriturak, notario baten aurrean.
Nekane Arzallus Donostiako alkateorde eta Hirigintza Plangintza eta Etxebizitzako zinegotziak gogorarazi du kuarteletako militarrek lau urte izango dituztela eremutik joateko, eskriturak sinatzen dituzten unetik aurrera. Hau da, militarrak 2029ko uztailera arte egon daitezke Loiolako kuarteletan. Eremua uzten dutenean, ibaiaren beste aldera joatea da aurreikuspena, egungo hipikaren eremura.
Militarrak joan arteko denboran, “udalak eremu berriaren diseinuan eta plangintzan lan egingo du”, nabarmendu du Arzallusek: “Lehenik eta behin, eremu berriaren garapenaren gaineko nazioarteko ideia lehiaketa egingo da, eta aldi berean, beharrezkoak diren Plan Orokorraren aldaketak landuko dira, garapen berriaren aspektu guztiak jasotzeko”. Zinegotzi jeltzalea pozik agertu da eskriturak sinatzeko data jarri delako: “Donostiarentzat une oso garrantzitsua izango da, auzo berria irudikatzen hasteko unea, hain zuzen ere, hirian zentralitate berria izango den auzo berria”.
Luze jotzen ari den operazioa izan da kuartelena. EAJk Espainiako Aurrekontu Orokorrak babestearen truk, kuartelak udalaren eskuetan uztea adostu zuten alderdi jeltzaleak eta Espainiako Gobernuak 2020an. Handik bi urtera, 2022ko azaroan, udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak adostu zuten kuartelen salerosketa hitzarmena, eta handik urtebetera itxi zuten akordioa, 73,3 milioi euroren truk; bost milioi ordaindu dituzte dagoeneko, 65 milioi eskriturak sinatzean ordaindu beharko dituzte eta beste hiru milioi operazioa bukatzean.
2024an, gehiago zaildu zen operazioa, Espainiako Kostaldeko zuzendaritzak mugatze lerroa ehun metrokoa izatea eskatu zuelako, legeak hala dioelako. Udalak, aldiz, kuarteletako hirigintza garapenaren aurreikuspena egin zuen eremua urbanotzat hartuta eta, beraz, ibaiaren eta eraikinen artean hogei metroko tartea utzita, 1988ko Espainiako Kostaldeko legeak ezarritako salbuespen bat kontuan izanda. Horrek dena geldiarazi zuen, baina Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioak Donostiako Udalaren argudioak onartu zituen, eta aurtengo otsailean desblokeatu zen operazioa.
Babes publikoko etxebizitzak
Kuarteletan, 1.700 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du udalak; bertan, auzune berri bat sortuko da; udalak hamarkada luzez egin nahi izan du hirigintza garapen bat eremu horretan. Akordiorako balorazio teknikoa egin zutenean, legeak ezartzen duen minimoa hartu zuten aintzat, baita publikoki hala defendatu ere: %60 libreak eta %40 babestuak (%20 tasatuak eta %20 babes ofizialekoak). Aurtengo maiatzean, ordea, kuarteletako etxebizitza guztiek babes publikoa izango zutela iragarri zuen udalak, “udal etxebizitza tasatuaren figura erabilita”. Gogoratu behar da etxebizitza tasatu bat ez dela etxebizitza babestu baten edo sozial baten berdina, besteak beste, garestiagoak izaten baitira tasatuak.
Kuartelek hartzen duten 17,5 hektareako eremuaz gain, Uliako sei hektareako eremu bat ere udalaren eskuetara pasatuko da, baina dena ezin da urbanizatu. Hain zuzen ere, 142.000 metro koadro bideratuko dituzte bizitegi erabilerara, eta 8.000 erabilera tertziariora, alkateak akordioa adostu zutenean esan zuenez. Bestalde, kuarteletako bi eraikin nagusiak babestuta daude —Infanta Maria Teresa eta Princesa Mercedes—, eta, beraz, ezingo dituzte eraitsi; horregatik, hor ekipamenduak jartzea aurreikusten da.
Militarrak
Donostiako Udalaren eta Espainiako Defentsa Ministerioaren arteko akordioaren arabera, Loiolako kuartelak eta beste lursail batzuk salerosteko, alokairu sozialeko 58 etxebizitza gorde beharko dira atzeko aldean dauden etxebizitza blokeetan bizi diren familientzat; Ametzagainako parkera eta Ubako aterpetxera doan errepidera ematen duten etxebizitza blokeetan bizi direnentzat, alegia. Militarrak eta haien senideak bizi dira eraikin horietan.
Bestalde, 2022ko hitzarmenak zioen eskriturak sinatzen zituzten unetik militarrek lau urte izango zituztela kuartelak uzteko. Militarren kokaleku berriari dagokionez, hasierako akordioa erdietsi zutenean, Defentsa Ministerioak iragarri zuen militarrak kuartelen pareko lursailera joango zirela: Loiolako hipikara, alegia, Defentsa Ministerioarena baita eremu hori ere.