Mailu eta igitai ikusezinak, Jazzaldia ez ospatzeko
1975ean, Jazzaldiaren hamargarren edizioa bertan behera geratu zen ia, gobernadore zibilaren ustez, Trinitate plazako dekoratuak Alderdi Komunistaren sinboloak zituelako. Tomas Hernandez diseinatzaileak isun handi bat ordaindu behar izan zuen.

Jazzaldiaren 60. edizioaren atarian gaude, eta Donostiako jaialdi honen historia errepasatuz, hainbat kontu interesgarri aurkitu daitezke. Esate baterako, aipatzekoa da 1975ean, jaialdi honen hamargarren urteurrenean, herritarrek ia ezin izan zutela jazz doinuez gozatu, debeku bat zela medio.
Hain zuzen ere, urte horretan, Rafael Agirre garaiko Donostia Turismoko idazkari eta zuzendariak Tomas Hernandez Mendizabali eskatu zion Jazzaldiko Trinitate plazako agertokirako dekoratua egiteko. Horrela, hamargarren edizio horretarako, bateria handi bat eta musikari bat makilak gora igota agertzen zen maketa bat egin zuen. El Diario Vasco egunkariko kronika batek dioenez, entitate turistikoan esan zion «figuratiboegia» zela maketa, eta «abstraktuago» egiteko.
Aldaketa batzuk egin ostean, baiezkoa eman zioten, eta arotzari egurrezko dekoratua egiteko eskatu zion. Ordea, Jazzaldia hasi behar zen egun berean, bere emazteak azaldu zion etxera deitu zutela, esanez Trinitate plazan jarri zuten dekoratutik mailua eta igitaia kendu behar zituela Hernandezek, bestela, arratsalde horretan ez zutelako Jazzaldia inauguratuko. Agindu hori Gobernu Zibiletik zetorren.
Bazkalostean, Trinitate plazara joan zen, eta bertan, topo egin zuen Antonio Gamero aktorearekin eta Espainiako Telebistako kamera batekin, Jazzaldia, telebistan eman behar zutelako. Biak Alderdi Komunistako kideak ziren, baina bietako inork ez zituen dekoratuan mailua eta igitaia ikusten; beraz, Hernandezek ez zuen piezarik kendu.
Azkenean, poliziak agertu eta atxilotuta eraman zuten. Asteburu osoa eman zuen preso, eta bere errua onartzen zuen adierazpen bat sinarazi zioten. Uztailaren 22an, gobernadore zibilak dekretu bat sinatu zuen, eta horren bidez, artistari 100.000 pezetako isuna ezarri zion, Alderdi Komunistaren sinbolo haiek Jazzaldian erakusteagatik. Hernandezek errekurtsoa jarri zuen, baina ez zioten onartu, eta isuna ordaindu behar izan zuen.