Miguel Martinen gomendioak 60. Jazzaldirako

Kontzertu eskaintza zabal eta interesgarria dauka, aurten ere, Donostiako Jazzaldiak. Bere gomendioa argi dauka Miguel Martin zuzendariak: «Nire gomendioa da oporrak hartzea eta jaialdi guztiaz disfrutatzea». Hortik harago, gomendio zehatzago batzuk ere egin ditu Martinek, jazz zaleek euren egunak antolatzeko jarraibide gisa.
San Telmo eta Viktoria Eugenia, goizetarako
Eguna hasteko, hilaren 23tik 27ra, kontzertuak antolatu dituzte egunero San Telmo museoan (11:00) eta Viktoria Eugenia antzokian (12:30). Piano saio akustikoak egin ohi dituzte museoko klaustroan, baina, aurten, bestelakoak ere programatu dituzte: «Lehenengo hiru egunetan, pianista frantses apartak izango ditugu, eta, azken bi egunetan, eskaintza desberdina daukagu: Marc Ribot gitarrista bakarlari gisa larunbatean eta Kirk Knuffke korneta jotzailearen laukotea igandean».
Viktoria Eugenia antzokiko emanaldiei dagokienez, asteazkenetik larunbatera Jazzeñe egitasmoko kontzertuak eskainiko dituzte: «Estatu osoko musikari gazteen kontzertu interesgarriak dira, oso prezio eskuragarrian», dio zuzendariak. Horrez gain, igandeko kontzertua nabarmendu du Martinek, Marc Riboti Donostiako Jazzaldia saria emango baitiote bertan.
Kursaala arratsaldez, Trinitate plaza gauez
Jazzaldiko arratsaldeetan, «Kursaaleko kontzertuetan zentratzeko» gomendioa egin du Martinek, eta azken hiru egunetakoak nabarmendu ditu bereziki —besteetako sarrerak agortuta edo agortzear daude—: «Hilaren 25ean, Hermeto Pascual daukagu, musika brasildarreko pianista beteranoa. Aurten edukiko dugun jazzaren legendetako bat da. 26an, Nala Sinephro arpa jotzailea edukiko dugu, Andrew Birden bajaren ondoren sartu duguna egitarauan. Proiektu sailkaezin bat aurkeztuko du, ikusleak harrituta utziko dituena. Musika instrumentaleko izen indartsuenetako bat da. Azkenik, 27an, Oscar Peterson handia omenduko dugu. Peterson swingaren birtuosismoaren pertsonifikazioa zen, eta ikuslea harritu dezakeen hirukote batek omenduko du».
Trinitate plaza da jazz zale amorratuen etxea Jazzaldian, eta, hain zuzen ere, bertako emanaldi guztiak gomendatu ditu zuzendariak. Hilaren 24an izango da lehena, Steve Colleman saxofoi jotzailearekin: «Collemanek fraseatze oso bizia dauka, swing makina bat den bere taldearekin. Ondoren, Kurt Elling daukagu, The Yellowjackets jazz-rock edo jazz elektrikoko talde handiarekin, Weather Report talde historikoa omentzera datorrena». Hurrengo egunean (25), Marc Ribotek irekiko du gaua, bere taldearekin: «Kontzertu elektriko eta bizia izatea espero dugu, besteak beste, lurrikara bat bezalakoa den Ava Mendoza gitarrista izango duelako ondoan. Ondoren, Dee Dee Bridgewater izarra daukagu. Kontzertu guztietan dena ematen duen emakume bat da, ahots izugarri batekin».
Azken bi egunetan, kontzertu bereziak egingo dituzte Parte Zaharreko enparantza maitatuan: «26an, ikuspegi musikal puru batetik, jaialdi osoko kalitate altueneko emanaldia izan daitekeena daukagu, Brad Mehldauren hirukotearekin eta Kismet hirukotearekin. 27an, jazza eta flamenkoa uztartuko dituen gaua izango dugu, Marco Mezquidarekin eta Chicuelorekin lehenik eta Paco de Luciaren omenaldiarekin ondoren».
Doan ere, eskaintza zabala
Ordainpeko kontzertuetatik harago, doako kontzertuen eskaintza oso zabala dago aurten ere Jazzaldian, hainbat agertokitan. Horiei dagokienez, Zurriola hondartzako emanaldietan jarri du fokua Martinek: «Ziur asko, jendez beteko diren egunak bi izango dira: 23a, Jamie Cullumekin eta The War and Treaty soul eta gospel taldearekin eta 26a, Bulegorekin eta Sidonierekin».