Pasai Donibaneko eta Orioko uretan lehiatuko dira asteburuan
Euskotren eta Eusko Label ligetako bosgarren eta seigarren jardunaldiak jokatuko dira asteburuan.

Aurrera doaz emakumezkoen Euskotren arraun liga eta gizonezkoen Eusko Label arraun liga, eta lehia bizia izaten ari da lehenengo jardunaldietan. Hurrengo zitak larunbatean (hilak 19) eta igandean (hilak 20) izango dituzte arraunlariek, Pasai Donibaneko eta Orioko uretan, hurrenez hurren.
Euskotren ligan, Donostia Arraun Lagunak da sailkapeneko burua eta azken urteotako maila bikaina erakusten ari da, baina joan den asteburuan argi gelditu zen denboraldi lehiatua izango dela, Tolosaldea eta Orio gailendu baitzitzaizkion Donostiako estropadan. Donostiarrako neskek, aldiz, ez dute batere ondo hasi liga, eta sailkapeneko zazpigarren postuan daude; Hondarribia baino ez dute azpitik. Horrela, larunbateko estropada, Pasai Donibanekoa, 17:20ean izango da, eta Oriokoa aldiz, igandean izango da, 11:25ean.
Eusko Label ligari dagokionez, indartsu iritsiko da Donostiarra asteburuko jardunaldietara, pasa den astean etxeko bandera astindu ostean. Ligako laugarren postuan dago Donostiako taldea, gainetik dituen taldeekin —Orio, Zierbena eta Bermeo— distantziak murriztu nahian. Pasai Donibaneko estropada larunbatean izango da, 18:16ean, eta Oriokoa igandean, 12:21ean.