Ustezko modernizazioaren atsekabea

BLACK DOG
Zuzendaria: Guan Hu · Urtea: 2024 · Herrialdea: Txina
Txinari erreparatuz, diptiko ezin ederragoa atera zaigu uztaileko lehen kritikotan. Azken bi hamarkadotako eguneroko bisual eta metazinematografikoa ekarri zigun iragan astean herrialdearen kronista finetakoa den Jian Zhang-Kek —Caught by the Tides—, bada, oraingoan, haren belaunaldi kide den Guan Huren lan berrienaz aritzea dagokigu, izan ere, estreinaldi data ez ezik, jorratutako gaiak eta begirada kritikoa estuki lotuta baitaude. Eta baieztapena ez da azalkeria hutsa, Black Dog-ek aitortza zuzena egingo baitio Zhang-Keri, filmean agerpen estimatu bat eskainiz.
Western itxurako fabula moderno bat dakar Huk, lehen instantzian sinplea dirudiena, baina karga emozional eta soziokultural indartsua azaleratuko duena. 2008an, Pekingo Olinpiar Jokoak hasi aurreko egunetan, Gobi basamortuaren inguruko herrixka batera itzuliko da Lang (Eddie Peng), espetxetik atera berri den gizona. Bertan, baina, jada ez du ia inor aurkituko, batetik bestera solte dabiltzan txakurrak baino ez; hain zuzen ere, txakur beltz batekin harreman berezia egingo du, eta animaliak lagunduko dio behin etxea izan zen leku lehor eta gogor horretako barne bidaian.
Txinaren modernizazio etengabe eta bizkorraren B aldea aurkeztu digu zinemagileak. Kanpora begira erakutsitako herrialde idilio eta progresiboaren baitan herriak deseraikitzen ari dira, mafiak agintzen du, eta indarkeria da nagusi. Egoera lazgarri honekin aurkituko da Lang, isiltasunean murgilduta bizi dena —Zhang-Keren filmeko Quiao Quiao (Zhao Tao) bezala—, eta paisaia lehor eta dekadenteak txikiago eta atsekabeago bilakatuko duena —Caught by the Tides-en Hiru Arroiletako presak beteko du funtzio hori, Zhang-Keren filmografia zeharkatuko duen eraikuntza munstruosoak—. Bi zinemagileek berezkoa duten plano luze eta erritmo narratibo kontenplatiboak herrialdearen esperantza galdua iradokitzen dute, baina Black Dog-en kasuan, kontaketak elementu zinikoak txertatuko ditu, Pink Floyden The Wall rock opera arrakastatsua soinu banda bilakatuz.
Bada, eszenaratzeari esker lortuko du Huk bere pertsonaia gidariaren emozioetara iristea, era berean, txinatarren desolazio sentimenduaren ispilu dena. Haren presentzia fisikoak, erabateko isiltasunak, txakurrekin eraikiko duen berebiziko elkar ulertze harremanak, eta bizi diren herriaren hondoratze sistematikoak —zirkua badoa, aitarena zen zoologikoa itxi egingo dute, auzoak husten ari dira— eragingo duten tentsioa ikus-entzulearen barrenetara iritsiko da. Hala, hitzak duen eta izan zezakeen balioa ezerezean geldituko da, pertsonaien azalpen eta arrangura logikoak irudiaren indarraren menpe geldituz.