Zaldi baten aurka «borrokatuko» dira Zubietako Herri Jaietan
Urteroko legez, Zubietan Herri Jaiak izango dira hurrengo astean. Bertan, adin eta zaletasun guztientzat aurkitu daiteke zerbait: mozorroak, bakarrizketa, giza proba, kontzertuak eta bestelakoak eskainiko dituzte astean zehar.

Txupinazoa bota orduko hasiko dira datorren ostegunean jaiak Zubietan. Zortzi egun iraungo dute festek. Aurten, goiz hasi dira antolakuntzarekin: urtarrilean hasi zituzten lehendabiziko bilerak. Elur Zaldua Zubietako Herriko Jaien batzordeko kidea da eta hogei pertsona inguruko talde batekin batera lortu du dena ongi prestatzea. Urteekin, dena errazagoa bihurtzen da, eta aurten, “lehengo urtean baino azkarrago” itxi dituzte kontzertuak. Herritarrek ez dute deskantsatzeko denbora asko edukiko, egunero jarduera ugari prestatu baitituzte. Beraz, oztopo ekonomiko txiki batzuk azkar konponduta, herria festetarako prest dago. Hemen daukazue egitarau osoa.
Aurten, berritasun ugari izango dituzte egitarauan. Hasteko, lehenengo eguneko herri afarian, jendea mozorrotuta azaltzera gonbidatu dute. Zalduaren aburuz, afaria “herriarentzat kristorena da” eta aurtengo jarduera arrakastatsuenetarikoa izatea espero dute. Beraz, herritarrek etxean aurkitzen duten jantzirik xelebreena jantzi beharko dute.
Larunbatean jarduera bitxia prestatu dute: zaldi baten aurka harri bat mugitzea. Talde txikian, arnes batekin eutsita, zama handiko harria mugitu beharko dute ahalik eta azkarren. Pipi zaldiak erresistentzia handia ipiniko du, baina nor aterako da garaile?
Igandean, berriz, ondo pasatzeko momentu aproposena iritsiko da, Julen Axperen eskutik. Bere bakarrizketarekin, barreak herri osoan entzungo dira. Umorea gustuko dutenak arratsaldeko seietan herriko plazan elkartu beharko dira, emanaldia ez galtzeko.
Halaber, asteartean, Usurbilgo erraldoien konpartsak erakustaldi bat egitea eskaini die Umeen egunaren bueltan, honi musikaren bitartez amaiera polita emateko. Azkenik, Gaupasa egunean, mendi buelta eta bertso bazkaria egingo dituzte, bigarrenez.
Tradizioak garrantzi handia du Zubietan. Soka dantzak jende ugari biltzen du urtero, izan ere, XV. mendetik jarraitzen den ohitura da
Gazteentzat, kontzertuak “ezinbestekoak” dira Zalduaren ustez, horregatik, Leihotikan, Herenegun eta beste kontzertu ugari egongo dira larunbat eta asteazkenean. Ikusi mendizaleak (Leihotikan) eta Itzala (Ezpalak) moduko abesti ezagunekin bat dantzatzeko aukera aproposena edukiko dute zubietarrek.
Berritasunez gain, tradizioak garrantzi handia du Zubietan. Soka dantzak jende ugari biltzen du urtero, izan ere, XV. mendetik jarraitzen den ohitura da eta herritarrek beti gozatzen dute.
Zubietako festak «denontzako festak» dira eta denen parte hartzea espero dute. Egunero, adin guztietako pertsonentzat antolatu dute zerbait. “Hori beste herrietan ez da hainbeste ikusten”, aitortu du Zalduak, baina herrian ez dute inor kanpoan utzi nahi. “Herri, herri festak dira”, horrela deskribatu ditu Zalduak, izan ere, herritarrek antolatu dituzten herritarrentzat pentsatutako festak dira.