La Suizako sindikalisten askatasuna aldarrikatu dute Kalkutako Teresa plazan

Gipuzkoako CNT sindikatuak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Egiako Kalkutako Teresa plazan, Donostiako epaitegien aurrean. La Suizako 6ak aske. Ez daude bakarrik lelopean mobilizatu dira, hain zuzen ere, Gijongo (Asturias, Espainia) sindikalista espetxeratuen askatasuna eta sindikalismoa ez dela delitua aldarrikatzeko: “Lan eskubideak defendatzeagatik sartu dituzte preso. Langileen arteko elkartasuna praktikatzeagatik. Honekin, jarduera sindikal funtsezkoenari eraso egin diote: langile klase gisa ditugun interesen defentsa praktikan jartzea”, nabarmendu du sindikatu anarkistak. Hala ere, kontuan hartu behar da gaurtik aurrera sei atxilotu horiek dagoeneko ez daudela kartzelan, baldintzapeko askatasunean baizik.
Salatu dutenez, La Suizakoena ez da kasu isolatu bat: “Sindikalismoaren aurkako joera errepresibo baten baitan kokatzen da. Deseroso zaiena, makurtzen ez dena eta aurpegia jartzen duenaren kontrako oldarraldi orokortu batez ari gara, duela gutxi Cadizko metalaren greban atxilotutako 23 pertsonekin gertatu den moduan. La Suizako 6en auzian begi-bistakoa da kapitalak bere ahalmen guztia erabili duela: langile baten eskubide urraketa eta zapalkuntza, Poliziaren jazarpena eta oldarraldi judiziala. Dagoeneko ez gaitu engainatzen ‘botere banaketaren’ amarruak. Hemen, klase menderatzaileak eremu guztietan pilatzen du bere boterea. Ez dezagun ahaztu Lino Rubio Mayo epaileak [berak eraman du kasua] hitzez hitz erosi duela enpresaren bertsioa, eta gatazka eragin zuen lan, gizarte eta genero dimentsioa baztertzen dituela. Halaber, gozotegia gatazka piztu aurretik salgai zegoenik ere ez du aintzat hartu. Hauek, duela mende bat, Ihesaren Legea aplikatuko ziguten eta bide bazterren batetara botako gintuzten”.
Ibilbide judizial luzea
La Suizako 6en kasua 2016tik dator. Gijongo La Suiza gozotegiko langile batek, artean haurdun zegoenak, baja eskatu zuen abortu arriskuagatik, bere bikotekidearen eta enpresariaren arteko liskar baten ostean. Langileak salaketa aurkeztu zuen lan eta sexu jazarpenagatik, eta enpresariak langilearen bikotea salatu zuen, mehatxuak eta lokalean kalteak egin izana leporatuta. Horren harira, 2017an, langilea CNTrekin harremanetan jarri zen eta, enpresariak ez zuenez negoziatu nahi izan, sindikatuak protesta kanpaina bat abiatu zuen.
2021ean, Lino Rubio Mayo epaileak, Gijongo epaitegikoak, zortzi pertsona auzipetu zituen —zazpi sindikalista eta langilea bera—, eta hiru urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zien auzipetuetako zazpiri eta zortzi hilabetekoa zortzigarrenari, baita enpresariari 125.428 euroko kalte ordaina ordaintzeko agindua ezarri ere. Epailearen ustez, ekintza sindikalek neurriz kanpoko kaltea eragin zuten eta negozioa ixteko erabakigarriak izan ziren.
Handik hilabete batzuetara, Asturiasko Auzitegiak sei auzipetuen aurkako zigorrak berretsi zituen eta beste bi absolbitu zituen. 2023an, defentsan helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean, baina auzitegi horrek ere zigorrak berretsi zituen, 2024ko ekainean. Defentsak helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean urte horretako azaroan, Espainiako Estatuko bide judiziala agortuz, baina auzitegi horrek atzera bota zuen helegitea. CNTk iragarri zuen orduan Giza Eskubideen Europako Auzitegira eramango zuela auzia, Estrasburgora alegia, baina auzitegi horretako epaiek urteak behar izaten dituzte ateratzeko.
Estatu osoko 22 sindikatuk indultu eskaera aurkeztu dute aurten Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioan, eta Asturiasko Gobernuak ere eskaera hori modu ofizialean onartu du. Espainiako bigarren presidenteorde Yolanda Diaz publikoki agertu da indultuaren alde. Aurtengo ekainean, Lino Rubio epaileak atzera bota zuen zigorrak bertan behera uzteko eskaera, eta sei sindikalistak uztailaren 10ean sartu ziren espetxera. Auziak zalaparta handia sortu du Espainiako Estatu osoan, bereziki, mugimendu sindikalean. Hala ere, gaurtik aurrera dagoeneko ez daude espetxean, baldintzapeko askatasunean baizik.
Gipuzkoako CNT sindikatutik azaldu dutenez, beste hainbat sindikatuk eta eragilek egin dute bat Donostiako deialdiarekin, eta horregatik “biziki eskertuta” daudela nabarmendu dute.