Azken epaia salatzeko eta euskarak «justizia» behar duela aldarrikatzeko elkarretaratzea egin dute
UEMAk azaldu duenez, aukera guztiak aztertu, eta prest daude EAEko udal legea dagokion lekuan defendatzeko, baita Europako auzitegietan ere, "zerbitzu juridikoek horretarako aukera ikusiz gero".

Hainbat elkarretaratze egin dituzte asteburuan UEMAko kide diren udalerrietan, Espainiako Auzitegi Gorenaren euskararen aurkako azken epaia salatzeko. Donostian, larunbat eguerdian egin zuten elkarretaratzea Alderdi Ederren, eta jende andanak egin zuen bat UEMAren deialdiarekin. Izan ere, eskuin muturreko Vox alderdiaren eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu Espainiako Auzitegi Gorenak eta, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatzi dute sententzian.
UEMAk adierazi du epaia “larria” dela, eta euskara “bigarren mailako hizkuntza” izatera kondenatu dutela, beste behin ere. Horren aurrean, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen adierazpena plazaratu dute gertaturikoa salatzeko. Bertan nabarmendu dutenez, euskara ez da beste hizkuntza ofizialen parekoa. Ezta ofiziala den lekuetan ere: “Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak adierazi duen bezala, euskara larrialdi linguistikoan dago. Baita minorizazio gorrian ere, azken ikerketek erakutsi duten moduan. Izan ere, euskara jazarria, debekatua eta isildua izan da mendeetan zehar. Hizkuntzak ez dira galtzerdiak bezala galtzen. Desagerrarazi egiten dituzte. Euskararekin ere ahalegindu dira, eta gutxitu dute, baztertu dute, eta baita bigarren mailakoa bihurtu ere. Hori da gaur egungo egoera ulertzeko abiapuntua”.
Euskal gizarteak eta euskal erakundeek, ordea, “gehiengo zabalarekin”, euskarak dagokion lekua izan behar duela erabaki dutela adierazi du UEMAk. “Horretarako ezinbestekoa da euskara lehenestea, eta euskararen aldeko erabakiak hartzea, elebitasun simetrikoa gaindituta. Parekidetasunik ezean, berdintasuna heriotz zigorra baita. Orekak ez du balio lurrean zaudenean. Horregatik lehenesten dugu euskara. Euskaldunak garelako. Euskara delako gure hizkuntza. Euskaraz garelako. Eta euskaraz izaten jarraitu nahi dugulako. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea gara, ez Udalerri Elebidunen Mankomunitatea. Euskarari dagokion lekua ematea euskararentzat justizia egitea baita. Zapaldua eta gutxietsia izan denari duintasuna itzultzea, eta egindako kaltea konpontzeko bidea jartzea”, nabarmendu dute.
Horregatik, azaldu dute udalerri euskaldunentzat “mugarria” izan zela EAEko udal legea, “elebitasun simetrikoa gainditzeko eta euskara lehenesteko aukera” eman zuelako. Salatu dutenez, ezagutu berri dugun epaiak, ordea, “udal legea kimatu” eta ebatzi du ezin dela “neurririk hartu hizkuntza koofizialetako bat gailentzeko, horrek berak urratu egingo lukeelako koofizialtasuna”.
“Larria da epaia. Euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa ez ezik, azken hamarkadetako hizkuntza politiken aurkakoa ere badelako, eta euskara beraren ofizialtasuna ere zalantzan jartzen duelako, ondoan gazteleraren makulua ez duenean. EAEko udal legeak hizkuntza eskubideak urratzen dituela dio Espainiako justiziak, beste behin ere euskaldunon hizkuntza eskubideak alde batera utzita. Gainera, bereziki udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten die”, salatu dute adierazpenean.
Gaineratu dutenez, ia UEMA sortu zenetik aritu da Espainiako justizia udalerri euskaldunen jardunaren aurka, “euskararen normalizazioa eta biziberritzea eragotziz”. “Ez ditugu ahaztu aktak euskaraz egiteko debekuak, udalak UEMAn sartzeko oztopoak eta epaitegien ezpatapean igarotako urte guztiak”, adierazi dute.
Horregatik, UEMA osatzen duten 118 udalen eta horiek ordezkatzen duten 353.000 biztanleko lurgunearen izenean, “eredu izatea eta erantzukizunez jokatzea” dagokigula gogoratu dute, eta euskaraz jarraituko dutela adierazi. “Izan ere, minorizazio gorrian eta larrialdi linguistikoan dagoen hizkuntzari dagokion lekua ematea dagokigu. Justizia behar du euskarak, eta Espainiatik heldu dena, beste behin ere, ez da justizia, euskara bigarren mailara kondenatzen duen epaia baizik. Horregatik, aukera guztiak aztertu, eta prest gaude EAEko udal legea dagokion lekuan defendatzeko, baita Europako auzitegietan ere, zerbitzu juridikoek horretarako aukera ikusiz gero”, jakinarazi dute, irmo.