Donostia Animalien Torturarik Gabeko Hiri izendatzeko proposatu du Elkarrekin Donostiak
Illunben zezenketa gehiago ez antolatzeko ere eskatu du Elkarrekin Donostia udal taldeak. Aurten ere, zezenketak egingo dituzte Illunben Aste Nagusian, hiru egunez.

Elkarrekin Donostia udal taldeko bozeramaile Victor Lasak uztaileko udalbatzarrean (hilaren 24an) defendatuko duen mozio baten berri eman du: Donostia Animalien Torturarik Gabeko Hiri izendatzeko eskatuko du eta Illunbe Berrian zezenketa gehiagorik ez egiteko. “Ez dugu nahi animalien sufrimendua finantzatuko duen hiri bat. XXI. mendeko Donostia bat nahi dugu, bere balioekin eta bere herritarren nahi eta defentsarekin koherentea”.
Lasak gogorarazi du udalak onartutako 2030 Plan Estrategikoak berak ezartzen duela “Donostiak izan nahi duela izaera inklusiboa, oreka ekonomiko eta kulturala, ingurumen lidergoa eta abangoardia”, eta, ildo horretatik, “zein lekutan sartzen dira animalia baten tortura eta hilketa publikoa hiri ikuspegi horretan?”, galdegin du. “Zezen baten edo beste edozein animaliaren sufrimendua ezin da inoiz aisia edo kultura izan. Ezin dugu Illunbe oraindik ere herritarren gehiengoak baztertzen duen ikuskizun baterako diseinatzen jarraitu”, gaineratu du.
Izan ere, egungo Illunbeko zezen plaza erabilera anitzeko pabiloi bihurtzeko lanak hasi dituzte, eta bertan zezenketak antolatzeko aukera mantendu du udal gobernuak. Ildo horretatik, “legeak zezenketak babesten ditu, bai, tamalez hala da oraindik, PSOEren erabakiz hala izan zelako; baina inon ez da esaten udal bat behartuta dagoenik antolatzera edo espazio publikoak horretarako eskaintzera”, nabarmendu du Lasak.
Horrela, lau proposamen zehatz hauek egingo ditu Elkarrekin Donostiak udalbatzarrean defendatuko duen mozioan: udal instalazioetan zezenketen programazioa baztertzea, Illunbe Berrian ez sartzea zezen plaza baten elementu bereizgarririk, Azken bost urteotako ikuskizun horien kostu eta ustezko onura sozioekonomikoari buruzko txosten ekonomiko eta kulturalak eskatzea eta, “adierazpen sinboliko baina indartsu” gisa, Donostia, Animalien Torturarik Gabeko Hiri izendatzeko.
Aste Nagusiko zezenketak
Aurten ere, zezenketak antolatu ditu Chopera enpresak Donostiako Aste Nagusiaren bueltan, azken urteotan egin duten moduan, jaietako egitarau ofizialetik kanpo. Hiru egunez egingo dituzte zezenketak: abuztuaren 14an, 15ean eta 16an.