Kaiko arrapalaren pribatizazioa salatu du EH Bilduk
EH Bilduk ostegunean mozioa aurkeztuko du kaiko arrapala eta nautiko inguruko erabilera publikoari jarritako debekuen ondorioz.

EH Bilduko zinegotzi Markel Ormazabalek gaur egin duen agerraldian ostegunean aurkeztuko duten kontrol mozioaren atzean dauden arrazoiak aurkeztu ditu.
Kaiko arrapala “izaera publiko eta komunitarioa galtzen ari da”, zinegotziaren ustez. Izan ere, azken urteotan eremua pribatizatu dute, bainatzeko eta bertan egoteko aukera kenduz. EAEko Portuei eta Itsas Garraioari buruzko 2018ko legeari aipamena egin dio, hau portuko jardueraren eta portuetako udalerri eta hirietako eguneroko jardueraren arteko ezinbesteko bizikidetza baketsuan oinarritzen dela aitortuz.
Ormazabalek azaldu duenez, “euskal kostaldeko portuetan bainatzea debekatuta egon arren, herri gehienetan alternatibak bilatu dituzte, Donostian izan ezik”. Bere ustez, “herritarren interesen aurretik irabazi asmoko interes pribatuak nola lehenesten direnaren” adibide garbia da.
Nautiko ondoan aurkitzen den plataforma itxita dago momentu honetan, “Eusko Jaurlaritzak konpontzeko izapideak abiatu dituela jakinarazi duen arren”. Eta obra hauek lau hilabeteko iraupena izango dutela adierazi diete. Gainera, Donostiako Erreal Klub Nautikoan dauden eskailerak puskatuta agertu dira. Eskailera alternatiboa eraiki zuten apirilean, baina Ormazabalen aburuz, “ez dute besteak ematen zituen zerbitzua kubritzen eta beharrak asetzen”, izan ere, mareen baldintzapen handia duen eremua da.
“Horrek guztiak gero eta espazio gehiago pribatizatzen ari direnaren sentsazioa areagotzen du, baita beste interes batzuei arreta gehiago eskaintzen zaielarena ere”, adierazi du zinegotziak.
Hori dela eta, ostegunean, EH Bilduk bi eskaera nagusiekin kontrol mozioa aurkeztuko du. Lehenik, kaiko arrapala hiritarrentzat irekia egoteko eskaera egingo du eta, bigarrenik, Nautikoko eskailerak funtzionamenduan jartzeko eskakizuna aurkeztuko du.