Ligako lidergoa galduta itxi du asteburua Donostia Arraun Lagunak-ek
Estropada on eta txar bana egin du asteburuan Donostia Arraun Lagunak-ek. Donostiarrako neskek azken postuetan bukatu dituzte bi estropadak eta mutilek laugarren eta bosgarren postuetan.

Asteburu gorabeheratsua eduki dute Donostia Arraun Lagunak-eko neskek, Euskotren ligako bosgarren eta seigarren jardunaldietan. Hain zuzen ere, larunbateko estropada, Pasai Donibanekoa, irabazi egin zuten, 10:38,70 minutuko denbora eginda eta Orio bigarren sailkatuari ia bi segundo aterata. Igandean Orion jokatutako estropadan, aldiz, oso emaitza txarra eduki zuen Lugañenea traineruak, bosgarren gelditu baitzen, Orio irabazletik ia minutu erdira. Etxeko taldea izanik, indartsu aritu zen Orio, bandera irabaziz eta donostiarrei ligako lidergoa kenduz.
Donostiarrako neskentzat, bestalde, ahazteko moduko asteburua izan da, azken postuan gelditu baitzen Pasai Donibanen eta azken-aurrekoan Oriokoan.
Bestalde, Eusko Label ligan, Zierbenak irabazi zuen Pasai Donibaneko bandera larunbatean eta Oriok bere etxekoa igandean. Donostiarrako mutilak bosgarren gelditu ziren Pasai Donibanen, Zierbenatik hamabost segundora. Orion, aldiz, laugarren azkarrenak izan ziren donostiarrak, Orio baino 29 segundo beranduago helmugaratuta. Orain, ligako sailkapen orokorreko hirugarren postuan dago Donostiarra.