Loiolako kuartelak botatzeko aukera ireki dio Espainiako Auzitegi Gorenak udalari
Kuarteletako bi eraikin nagusiak babesteko agintzen zuen epaia, Vox alderdiaren helegite batetik ateratakoa, bertan behera utzi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Donostiako Udalak, beraz, eraikin guztiak bota ahalko ditu.

Espainiako Auzitegi Gorenak onartu egin ditu Donostiako Udalak eta Fiskaltzak Loiolako kuartelen inguruko azken sententziaren aurka aurkeztutako kasazio errekurtsoak. Horrela, auzitegiak bertan behera utzi du kuarteletako eraikin nagusiak —Infanta Maria Teresa eta Princesa Mercedes— babesteko agindua eta, beraz, udalak bota ahal izango ditu, bertan aurreikusita duen 1.500 etxebizitza inguruko hirigintza garapenaren gauzatzeko. Udala kuarteletako operazioan urrats garrantzitsua egitear denean heldu da albistea, izan ere, atzerapen ugariren ostean, asteazkenean (hilak 23), sinatuko dituzte kuarteletako salerosketaren eskriturak.
2022ko uztailean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ateratako epaia da Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi duena. EAEko auzitegiak aintzat hartu zuen orduan Vox alderdi ultraeskuindarrak jarritako helegite bat, eta kuartelak Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian sartzeko agindu zuen, udalak eremu horretan dituen aurreikuspenak oztopatuz. Orain, aldiz, udalak, eremuan garatuko duen proiektua idaztean, ez ditu zertan mantendu behar kuarteletako eraikin horiek.
Lau urte joateko
Eskriturak etzi sinatuko dituzte Udalak eta INVIED Defentsako Etxebizitza, Azpiegitura eta Ekipamenduiko Institutuak, baina gogoratu behar da Espainiako militarrek lau urteko epea dutela, momentu horretatik aurrera, eremutik alde egiteko. Denbora tarte horretan, “udalak eremu berriaren diseinuan eta plangintzan lan egingo du”, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak joan den astean azaldu zuenez.
Luze jotzen ari den operazioa izan da kuartelena. EAJk Espainiako Aurrekontu Orokorrak babestearen truk, kuartelak udalaren eskuetan uztea adostu zuten alderdi jeltzaleak eta Espainiako Gobernuak 2020an. Handik bi urtera, 2022ko azaroan, udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak adostu zuten kuartelen salerosketa hitzarmena, eta handik urtebetera itxi zuten akordioa, 73,3 milioi euroren truk; bost milioi ordaindu dituzte dagoeneko, 65 milioi eskriturak sinatzean ordaindu beharko dituzte eta beste hiru milioi operazioa bukatzean.
2024an, gehiago zaildu zen operazioa, Espainiako Kostaldeko zuzendaritzak mugatze lerroa ehun metrokoa izatea eskatu zuelako, legeak hala dioelako. Udalak, aldiz, kuarteletako hirigintza garapenaren aurreikuspena egin zuen eremua urbanotzat hartuta eta, beraz, ibaiaren eta eraikinen artean hogei metroko tartea utzita, 1988ko Espainiako Kostaldeko legeak ezarritako salbuespen bat kontuan izanda. Horrek dena geldiarazi zuen, baina Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioak Donostiako Udalaren argudioak onartu zituen, eta aurtengo otsailean desblokeatu zen operazioa.
Babes publikoko etxebizitzak
Kuarteletan, 1.700 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du udalak; bertan, auzune berri bat sortuko da; udalak hamarkada luzez egin nahi izan du hirigintza garapen bat eremu horretan. Akordiorako balorazio teknikoa egin zutenean, legeak ezartzen duen minimoa hartu zuten aintzat, baita publikoki hala defendatu ere: %60 libreak eta %40 babestuak (%20 tasatuak eta %20 babes ofizialekoak). Aurtengo maiatzean, ordea, kuarteletako etxebizitza guztiek babes publikoa izango zutela iragarri zuen udalak, “udal etxebizitza tasatuaren figura erabilita”. Gogoratu behar da etxebizitza tasatu bat ez dela etxebizitza babestu baten edo sozial baten berdina, besteak beste, garestiagoak izaten baitira tasatuak.
Kuartelek hartzen duten 17,5 hektareako eremuaz gain, Uliako sei hektareako eremu bat ere udalaren eskuetara pasatuko da, baina dena ezin da urbanizatu. Hain zuzen ere, 142.000 metro koadro bideratuko dituzte bizitegi erabilerara, eta 8.000 erabilera tertziariora, alkateak akordioa adostu zutenean esan zuenez.