Sorosleen ordezkari sindikal bat kaleratzeagatik salaketa jarri du ELAk

Ekainaren 26an, Mikel Ianzi Barrena Donostiako soroslea kaleratu zuen hondartzetako sorospen zerbitzu publikoa kudeatzen duen Neo enpresak, eta, horren harira, ELA sindikatuak salaketa aurkeztu du epaitegietan.
“Kaleratzea ekainaren 26an egin zen, sorosleak material faltagatik zerbitzua segurtasunez emateko baliabiderik ez zegoela publikoki salatu eta gutxira; enpresak ‘zuzendaritzari desobedientzia0’ egin ziola argudiatu du”, azaldu du sindikatuak. Hedabide honek Ianzi elkarrizketatu zuen uztailaren hasieran, kaleratua izan eta gutxira; hemen daukazue elkarrizketa.
ELAren ustez, “enpresaren aldetik errepresalia eta isilarazteko saiakera bat” dago kaleratzearekin, “zerbitzuaren antolaketan gabezia larriak daudela salatzeagatik” kaleratu dutela nabarmendu baitu sindikatuak, “pertsonen bizitzaren segurtasunean zuzeneko inplikazioak izanda”.
“Adierazpen askatasunaren eta ekintza sindikalaren aurkako erasoa da”, gaineratu du ELAk, eta “langilea berehala berriz onartzea” eskatu du. “Sektoreak lehen hitzarmen kolektibo probintziala lortu eta hilabete batzuetara gertatu da egoera hori. Lorpen hori urteetako borroka sindikalaren ondorio izan da. ELAk sektorea profesionalizatzeko eta erregularizatzeko borrokan jarraituko du, lan baldintza eta beharrezko material egokiekin”, gehitu dute.