Aldi baterako elkargune bat prestatu dute kale egoeran dauden eta asiloa behar duten pertsonentzat
Caritasek eta Amarako kristau elkarteak abiatutako ekimena da, eta elkargunea egunero martxan egongo da, astelehenetik igandera, 10:30etik 13:00etara, Amarako Errosarioko Andre Mariaren parrokiako lokaletan (Ferrerias kalea 2).

Caritas Gipuzkoak eta Amarako kristau elkarteak aldi baterako elkargune bat prestatu dute kale egoeran dauden eta asiloa behar duten pertsonentzat. Asteazkenetik aurrera egongo da martxan elkargunea, astelehenetik igandera, 10:30etik 13:00etara, Amarako Errosarioko Andre Mariaren parrokiako lokaletan (Ferrerias kalea 2).
“Errealitate honek sortzen duen gizarte eta giza larrialdiaz jabetuta, eta Administraziotik edo erakunde eskudunetatik beste baliabide batzuk gauzatzen diren bitartean, Caritas Gipuzkoak, parrokietako elkarteekin batera, aldi baterako elkargune bat jarri du martxan. Gune honek pertsona hauek bizi duten kale egoera neurri batean arintzea du helburu”, jakinarazi dute elkarteek.
Elkargune horretan, Amarako Pastoral Unitateko boluntarioak eta Caritas Gipuzkoako langileak izango dituzte lagun, “ingurune beroa, atsedena eta harrera eskainiz”. Horrez gain, honakoak eskainiko dizkietela adierazi dute: entzute aktiboa, giza hurbiltasuna eta laguntza pertsonalizatua; gosari poltsa eta ogitartekoak, zukuarekin edo bestelako jakiekin; arropa tiketak, Koopera gizarte sarearen bigarren eskuko dendetan arropak eskuratzeko; sakelako telefonoak kargatzeko aukera; atsedenerako eta topaketarako gune segurua eta arropa auzoko ikuztegietan garbitzeko tiketak.
Hala eta guztiz ere, elkarteek nabarmendu dute elkargune horrek ez duela ordezten “harrera baldintza duinak bermatzeko erakundeei dagokien erantzukizuna”. “Larrialdi baten aurrean gizatasunez erantzuteko komunitate saretik sortutako elkartasun keinu zehatz bat da”, gogorarazi dute.