Gizarte larrialdietarako laguntzetan zazpi hilabeteko atzerapena salatu du Elkarrekin Donostiak
Elkarrekin Donostia taldeko zinegotzi Arantza Gonzalezek mozioa aurkeztuko du ostegunean.

Elkarrekin Donostiak mozio bat eramango du udalbatzarrera ostegun honetan. Udal gobernuari GLLak jasotzeko eskubidea duten pertsona guztiei behar den momentuan ordaintzeko eskatuko diote. Hau da, gizarte larrialdietarako prestazio ekonomikoak jasotzeko irizpideak betetzen dutenei.
“Gizarte larrialdietarako laguntzak duela zazpi hilabetetik ez dira iristen onuradunengana, EAJren eta PSEren udal gobernuak urte hasieratik etenda baititu”, adierazi du Elkarrekin Donostia taldeko zinegotzi Arantza Gonzalezek, mozioa eramateko arduraduna izango denak. Izan ere, egoera bidegabea dela iruditzen zaio: “Ez da onargarria aurten jasotzeko eskubidea aitortuta duten pertsonek jaso ez izana”.
Gainera, arazo oso larria dela argi utzi du: “Larrialdiko laguntza jaso duten pertsonek arazo ekonomiko larriak dituzte oinarrizko beharrak asetzeko, eta udalaren moduko erakunde batek ezin ditu zazpi hilabete eduki gizarte zerbitzuek horiek jasotzeko hitzordua noiz izango zain”.
Ostegunean, urte hasieratik GLLen ordainketa horiek jasotzeko eskubidea egiaztatuta duten pertsonei laguntza ez etetea eskatuko dio zinegotziak udalari.