GOe eraikina «hirian integratutako ekosistema natural» bat izango dela dio BCCk

Basque Culinary Center fundazioak GOe (Gastronomy Open Ecosystem) eraikinaren pasaia proiektua aurkeztu du. Iñigo Segurola paisajista da arduraduna. “Donostian integratutako ekosistema natural bat izango da. Hiri sare berdean integratutako espazio ekologiko biodibertsitateduna”, azaldu du BCCk.
Horrekin batera, GOe elementu arkitektoniko bat baino “askoz gehiago” izango dela nabarmendu dute. Eraikinak 1.329 metro koadroko landaketa eremua izango du estalkian, eta 2.271 metro koadroko berdeguneak urbanizazio osagarrian. Guztira, 3.600 metro koadro. “Proiektuak 51 espezie desberdin biltzen ditu —bizikorrak, zuhaixkak eta zuhaitzak barne—, 7.500 ale baino gehiagotan banatuta, biodibertsitatea eta hiri ongizatea sustatzen duten espazioak sortuz”, adierazi du fundazioak.
Donostiako Udaleko Parke eta Lorategi Sailarekin elkarlanean garatu dute paisaia proiektua, Azpiegitura Berdearen Planaren eta Donostiako Zuhaitzen Plan Zuzentzailearen testuinguruan. Horren arabera, Nafarroa etorbidea Ategorrieta-Ulia, Egia eta Gros auzoak hondartzarekin lotzen dituen “funtsezko korridore berdea” da.