Iraganeko borrokez ikasi, amaitzen ez den borrokarako
'Atzera begira, Dinamitarekin' ibilaldi historikoa antolatu zuten astelehen arratsaldean IRUTXULOKO HITZAk eta Dinamita Tour egitasmoak. 25 bat lagunek kontatu ohi ez diren hiriko historiaren hainbat pasarte ezagutu zituzten.

Dena ez dira turisten free tour-ak Donostian. Astelehen arratsaldean (hilak 21), behintzat, bestelako ibilaldi batez disfrutatzeko aukera eduki zuten 25 bat donostiarrek, Dinamita Tour egitasmoak eta IRUTXULOKO HITZAk elkarlanean antolatutako Atzera begira, Dinamitarekin ibilaldiarekin. Hedabide honen 20. urteurrenaren testuinguruan antolatutako jarduera izan zen, memoria historikoa lantzeko eta hiriaren kontakizun historiko hegemonikoan kontatu gabe gelditu ohi diren pasarteak ezagutzeko.
19:30ean elkartu ziren parte hartzaileak Sarriegi plazan, eta ibilaldirako propio egindako mapak eskuan hartuta, hiriaren historia ezezagunaren berri izateko ibilaldiari ekin zioten. Hasteko, ibilaldiaren ildoa markatuko zuen ohartarazpena egin zuen Josetxo Etxeberria Dinamita Tourreko kideak: “Autoritarismoa gustuko duzue? [jendeak ezetz erantzun zuen, noski] Ba, ez dakizuen arren, anarkistak zarete!”.
1813tik, dena ulertzeko
36ko gerra izan zen ibilaldiko gai nagusia eta geldialdi gehienak horren ingurukoak izan ziren, baina lehenengo geldialdia Bretxan egin zuten, 1813ko abuztuaren 31ko erreketaz eta sarraskiaz hitz egiteko. Izan ere, “hiriaren memoriaren ezabatzea” izan zen Etxeberriak ibilaldi osoan zehar salatu zuen fenomeno nagusia, eta 1813koaren ingurukoa argia da: “Hiria erre zuten, herritar asko eta asko hil zituzten, emakume guztiak bortxatu zituzten… eta, gaur egun, ospatu egiten dugun egun bat da. Adinekoek ondo gogoratzen dute garai batean dolu egun bat zela, hala izan beharko lukeelako”. Gogoratu behar da, gainera, erreketa eta sarraski horren osteko hiriaren berreraikitzetik hasi zirela egungo hiri eredua eraikitzen.
Jarraian, hiriaren berreraikitzetik 1936ko gerrara heldu arteko testuinguru politikoa ulertzeko, Europako langile mugimenduaren historiaren laburpena egin zuen Xabier Erauskin hizlariak, betiere tokikora ekarrita, langile mugimendu horrek Gipuzkoan eta Donostian zuen eragina nabarmenduz, IRUTXULOKO HITZAk defendatu ohi duen moduan, mundu osoa delako tokikoa. Besteak beste, Lehenengo Internazionalak Santa Katalina zubiko eraikuntza lanetan hildako langileen afera eztabaidatu zuenekoa ekarri zuen hizpidera: “Europako lehen lan istripu salaketa dela esan daiteke”.
Horrekin guztiarekin, argi utzi nahi izan zuten XIX. mendeko eta XX. mende hasierako Donostia belle époque-ko Donostia ponposoa baino askoz gehiago zela: “Lantegiak zeuden hiri osoan zehar, langile ugari, baserriak…”. Ordea, bitxikeria gisa, azaldu zuten ez dutela aurkitu garaiko langile mugimenduaren euskarazko dokumenturik apenas, nahiz eta hirian euskaraz hitz egiten zen, noski; Herrialde Katalanetan, aldiz, badaude katalanezko erreferentzia ugari.
1936ko gerra: herriaren antolakuntza
Donostiako Udaletxean —Kasinoa zen 1936an— egin zuten bigarren geldialdia, orduan bai, 36ko gerrari buruz hitz egiten hasteko. Izan ere, udaletxea da fatxadetan tiro markak kontserbatzen dituen Donostiako hiru eraikinetako bat, Maria Cristina hotelarekin eta Urbietako eskolekin batera; udaletxekoak eta hotelekoak miliziano errepublikazaleek egindako tiroen markak dira, eraikin horien barruan faxistak egon zirelako, eta Urbietako eskoletakoak militar kolpistek egindako tiroak dira. Bitxikeria gisa, San Bizente elizan ere tiro markak daudela gogorarazi zuen Etxeberriak, baina horiek 1813ko abuztuaren 31koak direla.
Udaletxean, El Diario Vasco egunkariak 1936ko altxamendu frankistaren izandako “konplizitatea” salatu zuen Etxeberriak: “1936ko uztailaren 17an, altxamenduaren bezperan, ‘Mañana hará buen tiempo‘ jarri zuten azalean, militarrak kuarteletik atera eta hiria hartzera joateko pasahitza zena. Azal hori, ordea, desagertu egin da, ez dago inon. Aldiz, azkenean frankistek hiria hartu zutenean, irailaren 14an, ‘Como decíamos ayer… Buen tiempo‘ argitaratu zuten azalean, eta hori bai kontserbatu dela”.

‘El Diario Vasco’ egunkariaren 1936ko irailaren 14ko alea, frankistak hirira sartu osteko egunekoa. Goian, ‘Como decíamos ayer… Buen tiempo’ jartzen du, militar kolpisten pasahitza bat zena. 1936ko uztailaren 17an, ‘Mañana hará buen tiempo’ jarri zuten azalean, kuarteletako militarrak hiria hartzera joateko dei eginez, baina ale hori desagertu egin da.
Udaletxetik, Maria Cristina hotel ingurura joan ziren ibilaldikoak, izan ere, udaletxea (orduko Kasinoa), hotela eta ibaiaren bestaldeko La Equitativa eraikina militar kolpistek hartu zituzten kuarteletatik ateratzerakoan, eta bertan setiatu zituzten miliziano antifaxistek. Hain zuzen ere, ibilaldia antolatzeko eguna, uztailaren 21a, ez zen ausazkoa izan: “Loiolako kuarteletako militarrek zalantzak eduki zituzten uztailaren 18an bertan ateratzeko edo ateratzeko: Leon Carrasco koronela eskuindarra zen, baina errepublikanoa. Hiru egun beranduago atera ziren, uztailaren 21ean alegia, eta eraikin hauek hartzea lortu zuten. Baina, hiru egun horietan, hiriko anarkistak nagusiki baina baita sozialistak eta komunistak ere, prestatu egin ziren, eta militarrek espero ez zuten erantzuna eman zieten setioetan”.
Azalpenen artean, EAJk 36ko gerraren hasieran izandako jarrera gogora ekarri zuten Dinamita Tourreko kideek: “Armak zituzten, baina San Bartolomen ezkutatuta egon ziren, tartean nire osaba. Gero bai, Artzain Onaren katedrala defendatzeko atera ziren. Hasieran, ez zegoen oso argi noren alde jarriko ziren: kandela bat deabruari eta beste bat Jaungoikoari, beti bezala”.
Amararantz, Casilda Hernaez gogoan
Amara auzorako bidea hartu zuten ondoren parte hartzaileek, baina auzoan sartu aurretik, San Jose ikastetxean geldialdia egin zuten, frankistek emakumeentzako espetxe gisa erabili baitzuten hiria hartu ostean. “Emakumeak ezabatuak izan dira historiatik, baina miliziano emakumeak ere egon ziren, noski”, nabarmendu zuen Etxeberriak.
Horren harira, CNTrentzat, Dinamita Tourrentzat eta, oro har, militante ezkertiar ororentzat erreferentea den (edo izan beharko lukeen) Casilda Hernaez militante anarkistaren figura goraipatu zuten hizlariek: “Ekintzez aritzen zen emakumea zen —armatuta zihoan beti—, ez zuen onartzen emakume izateagatik gutxietsia izatea eta egungo ikuspegitik feminista gisa definitu ohi bada ere, berak aspaldi gaindituta zituen oraindik eztabaidatzen diren hainbat gai eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak”. Hernaezek ez dauka kalerik bere izenean Donostian, baina Amarako liburu denda eta jatetxe ezagun batek bere izena darama: “Beti daukate bere biografia salgai”, nabarmendu zuen Etxeberriak.
Hernaezen kide Felix Likiniano izan zen ibilaldian zehar behin baino gehiagotan aipatu zuten erreferentziazko izenetako bat, izan ere, militante anarkista horiek funtsezkoak izan ziren 1936ko uztailaren 18tik 21erako tarte horretan hiriaren defentsa antolatzeko, ondoren faxismoa garaitzeko eta Donostiako Komuna izenez definitu zena antolatzeko. Etxeberriak gogorarazi zuen Likiniano izan zela gerora ETAren sugearen eta aizkoraren anagrama ezaguna egin zuena: “Nik beti esaten dut sugea Felix zela, bere zuhurtziarekin, eta aizkora Casilda, ekintza emakumea zelako”.
Handik Amarara zihoazela, hizlariek nabarmendu zuten aipaturiko hiru egun horietan milizianoek inguruko etxe asko barrutik hustu zituztela, tabikeak botaz eta tunelak eraikiz, militarrak heltzean bertatik erraz mugitu eta hobeto aurre egiteko: “Barrikadez harago, hori funtsezkoa izan zen altxamendua garaitzeko”.
Horren harira, 36ko gerraren hasierak irakaspen argi bat utzi zuela nabarmendu zuten hizlariek: “Herriak, antolatuta eta batuta, faxismoari aurre egin eta irabazi diezaioke. Gaur egunerako ere, antolakuntza da gakoa. Osasuna eta askatasuna!”.
Larramendi eta Sanchez Toca kaleen eta Urbietako eskolen inguruan amaitu zuten ibilaldian, bertan izan baitziren milizianoen zein milizietara batu ziren herritarren eta kolpisten arteko borrokaldi nagusiak, eta bertan irabazi baitzioten faxismoari, Urbieta kaletik sartzen saiatu zen militarren zutabeari aurre eginez. “Militarrak Urbietako eskolak setiatzen ari zirela, une batean, Casildak bi bala baino ez zituen, eta argi esan zion Felixi: bat sartzen den lehenengoarentzat izango da eta bestea niretzat. Ordea, Eibartik zetorren milizianoen tren bat heldu zen, eta horien laguntzari esker, antifaxistek irabazi zuten”.
Bitxikeria pertsonal bat ere mahaigaineratu zuen Etxeberriak: “Gaztetan, Felix, Casilda eta Manolo Chiapuso ezagutu nituen Amaran poteatzen, eta ez nuen ulertzen zergatik gerrako zahar haiek beti ibiltzen ziren auzoan. Gerora ulertu nuen: beraientzako gune garrantzitsua zen, bertan faxismoari irabazi ziotelako, eta hori ez da edozein gauza”.
1936ko irailean, frankistek lortu zuten hirian sartzea, baina Etxeberriak argi esan zuen Likiniano, Hernaez eta konpainiaren borroka ez zela bukatu: “Beste fronte batzuetan aritu ziren, nazien aurkako erresistentzian aritu ziren eta, gerora, Arrasateko gazte batzuk ezagutu zituzten, Txomin Iturbe eta abar, eta euren borrokarekin bat egin zuten. Izan ere, borroka ez da inoiz bukatzen, eta, orain, faxismoaren berpizkundea bizitzen ari gara”.
Horren harira, 36ko gerraren hasierak irakaspen argi bat utzi zuela nabarmendu zuten hizlariek: “Herriak, antolatuta eta batuta, faxismoari aurre egin eta irabazi diezaioke. Gaur egunerako ere, antolakuntza da gakoa. Osasuna eta askatasuna!”.

















