Udal gobernuak 2026ko zerga arauen proposamen «moderatua eta arduratsua» aurkeztu du
Proposatutako aldaketekin, udalak 3,1 milioi euro gehiago jasoko ditu datorren urtean.

Donostiako Udal Gobernuak 2026rako zerga arau proposamena aurkeztu du, eta Tokiko Gobernu Batzordean onartu dute. Eneko Goiak azaldu duenez, proposamenaren helburua ez da presio fiskala handitzea, baizik eta “zerbitzuen kalitatearen eta finantza arduraren arteko oreka mantentzea”.
Zerga arauen “eguneratze moderatua” ahalbidetzen saiatu direla esan du Goiak, “betiere gizarte justiziaren, ingurumen jasangarritasunaren eta kudeaketa publikoan eraginkortasunaren helburuekin bat eginda”.
Zergak
Kerman Orbegozo Ekonomia zinegotziak eman ditu proposamenaren xehetasunak. Adierazi duenez, udal gobernuaren nahia da “Donostia hiri zaindua, jasangarria eta solidarioa izatea”. Horretarako, “ezinbestekoa” da haren ustez “finantzaketa justua, gardena eta neurrikoa izatea”. Horren harian, Orbegozok esan du, proposatutako aldaketekin, udalak 3,1 milioi euro gehiago jasoko dituela 2026an.
Hortaz, udal gobernuak proposatu du zerga arau gehienetan %2ko igoera moderatua egitea, hau da, azken urteetan egondako inflazioaren azpitik. Horrenbestez, Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), Ekonomia Jardueren gaineko zerga (IAE delakoa), Hiri Izaerako lursailen balio gehikuntzaren gaineko zerga (Gainbalioen zerga delakoa) eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko zerga %2 handituko dira.
OHZren ordenantza aldaketaren ondorioz, zergaren eranskinean etxebizitza hutsa kontsideratzeko baldintzak jasoko dira. IAE delakoan, zergaren handitzeak 2, 3, 4, 5 eta 6 mailei eragingo die. Gainbalioen zerga delakoan, koefizienteak eguneratuko dira maiatzean zerga neurriei buruz onartutako foru araura egokitzeko.
Eraikin, Instalazio eta Lanen gaineko zerga (ICIO delakoa) ez da handituko, baina alokairuko sustapen babestuetarako gizarte-intereseko deklarazio bat sartuko da, % 95eko hobariarekin.
Tasak
Hainbat zerbitzu emateagatik ordaintzen diren tasei buruz, udal gobernuaren proposamenak aurreikusten du segidako tasak aldatzea: Hiri Hondakin Solidoak Biltzeko tasa, Ur hornidura eta Estolderia zerbitzuari dagozkion tasak, Udal Garabi tasa, Ibilgailuak udal bide publikoetan aparkatzeari dagokion tasa (TAO), Udal zerbitzu eta jarduerei dagozkion tasa, Udal hilerrietako zerbitzuari dagokion tasa, eta Jabari Publikoaren Okupazioari dagokion tasa.
Behin Hiri hondakin solidoak biltzeko eta tratatzeko zerbitzuan defizitik ez izateko Europar Batasunaren zuzentaraua indarrean sartuta, eta ondorioz, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 7/2022 Legea indarrean sartuta, Orbegozok nabarmendu du, tasa hau urtero eguneratu beharko dela zerbitzuak duen defizitaren arabera. Horiek horrela, 2026an zerga %4,25 handitu beharko da, aipatutako Legea betetzeko.
Ur hornidura eta Estolderia zerbitzuari, Ibilgailuak udal bide publikoetan aparkatzeari, Udal Garabiari, eta Ibilgailuak udal bide publikoetan aparkatzeari dagozkion tasak %2 handituko dira, segidako salbuespenarekin: TAOn egoiliar txartelagatik ordaintzen den tasa. Udal zerbitzu eta jarduerei buruzko tasa bi aspektutan aldatuko da: alde batetik, larrialdietako pisuak arautzen dituen ordenantzaren hainbat artikulu aldatuko dira hobeto aplikatu ahal izateko; eta bestetik, hondartzeko abonuak %2 handituko dira.
Bestalde, Udal hilerrietako zerbitzuari dagokion tasa %2 handituko da eta, gainera, egun aurreikusita ez dauden hiru tarifa berri gehituko dira, adibidez, kaperen lagapenak eta kontzesioak. Azkenik, Jabari Publikoaren Okupazioari dagokion tasan, hesiak eta aldamioak, ibiak eta espaloietan pasoak, eta mahaiak eta aulkiak jartzeko ordaindu beharreko tasa %2 handituko da.
Ibilbidea
Aipatu moduan, proposamena udal taldeei helaraziko diete, eta hamar egun izango dituzte zuzenketak eta arau proposamenak egiteko. Jarraian, irailaren lehenengo hamabostaldian jardunaldi irekia egingo da hiritarrei proiektua azaltzeko. Ondoren, iraileko Ogasun batzordean eztabaidatu eta onartuko dira zuzenketak eta arau proposamenak. Eta azkenik, irailaren azkeneko asteko udalbatzarrean proiektuari hasierako onarpena emango zaio, eta beharko balitz, behin betiko onarpena abenduan egingo litzateke.