Eskriturak sinatuta, Loiolako kuartelak Donostiako Udalarenak dira
Kontagailua zerotik hasteko unea iritsi dela nabarmendu du Goiak, izan ere, gaurtik aurrera, Donostiako Udalarenak dira Loiolako kuartelak, eta bertan eraikiko duten auzune berriaren proiektua diseinatzen hasi daitezke. Babes publikoko etxebizitzak eraikiko dituzte bertan, babes ofizialekoak eta tasatuak.

Eneko Goia Donostiako alkateak eta INVIED Espainiako Defentsako Etxebizitza, Azpiegitura eta Ekipamenduko Institutuko zuzendari Gerente Maria Angeles Canok Loiolako kuartelen lursailaren salerosketaren eskriturak sinatu dituzte gaur, hilak 23, Donostian, notario baten aurrean. Horrela, orain arte Espainiako Defentsa Ministerioarena zen eremu hori udalarena da orain, eta bertan 1.700 etxebizitzako auzune berri bat sortuko dute.
Atzerapen eta zailtasun ugari izan dituen prozesua izan da kuartelen salerosketarena, baina gaurkoa “ospatzeko egun bat” dela nabarmendu du Goiak: “Hiriaren aspaldiko aldarrikapena da, udal korporazio askoren eskuetatik pasatu dena. Horiek guztiak gogoratu nahi ditut, lorpen hau hiri mailako lorpen bat baita, nik hemen egoteko zortea eduki dut”. Esker oneko hitzak izan ditu alkateak, era berean, Espainiako Defentsa ministro Margarita Roblesentzat, Canorentzat berarentzat eta bere alderdikide eta Espainiako Kongresuko diputatu Aitor Esteban eta Maribel Bakero jeltzaleentzat: “Aitor Estebanen bitartez hasi ahal izan ginen honekin amesten, eta berak beste kargu batzuk hartu dituenean, Maribelek jarraitu du honekin lanean”.
Cano ere pozik agertu da eskriturak azkenean sinatu izanagatik, eta nabarmendu du “interes orokorraren alde” egindako prozesu bat izan dela orain arte garatutakoa.
“Kontagailua zerotik”
Hiriaren “mugarritzat” jo du alkateak sinadura, eta nabarmendu du “kontagailua zerotik” hasten dela gaurtik aurrera. Alde batetik, militarrek lau urte dituztelako, gaurtik aurrera, kuarteletako eremutik alde egiteko; baieztapen ofizialik ez badago ere, aurreikuspena da ibaiaren beste aldera, hipikaren eremura, joango direla militar espainiarrak, hori baita Espainiako Defentsa Ministerioari hirian gelditzen zaion lursail bakarrenetarikoa.
Bestetik, “kontagailua zerotik” hasten dela adierazi du Goiak, gaurtik aurrera hasiko direlako “erakundeen arteko elkarlana bilatzen, etorkizuneko proiektua diseinatzen, eta abar”. Aurreratu duenez, 1.700 etxebizitzez gain, “hiri mailako ekipamenduekin amesteko gai” izan behar dira eremu horretarako, auzune berriak “hiriko zentralitate berri bat” sortuko duelako.
Luze jo duen operazioa izan da kuartelena. EAJk Espainiako Aurrekontu Orokorrak babestearen truk, kuartelak udalaren eskuetan uztea adostu zuten alderdi jeltzaleak eta Espainiako Gobernuak 2020an. Handik bi urtera, 2022ko azaroan, udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak adostu zuten kuartelen salerosketa hitzarmena, eta handik urtebetera itxi zuten akordioa, 73,3 milioi euroren truk; bost milioi ordaindu zituzten orduan, eta gainontzekoa orain ordaindu dute, txeke bidez, eskriturak sinatzean.
2024an, gehiago zaildu zen operazioa, Espainiako Kostaldeko zuzendaritzak mugatze lerroa ehun metrokoa izatea eskatu zuelako, legeak hala dioelako. Udalak, aldiz, kuarteletako hirigintza garapenaren aurreikuspena egin zuen eremua urbanotzat hartuta eta, beraz, ibaiaren eta eraikinen artean hogei metroko tartea utzita, 1988ko Espainiako Kostaldeko legeak ezarritako salbuespen bat kontuan izanda. Horrek dena geldiarazi zuen, baina Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioak Donostiako Udalaren argudioak onartu zituen, eta aurtengo otsailean desblokeatu zen operazioa. Gaurkoarekin, behin betiko pasatu da eremua udalaren eskuetara.
Babes publikoko etxebizitzak
Kuarteletan, 1.700 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du udalak. Bertan, auzune berri bat sortuko da; udalak hamarkada luzez egin nahi izan du hirigintza garapen bat eremu horretan. Akordiorako balorazio teknikoa egin zutenean, legeak ezartzen duen minimoa hartu zuten aintzat, baita publikoki hala defendatu ere: %60 libreak eta %40 babestuak (%20 tasatuak eta %20 babes ofizialekoak). Aurtengo maiatzean, ordea, kuarteletako etxebizitza guztiek babes publikoa izango zutela iragarri zuen udalak, “udal etxebizitza tasatuaren figura erabilita”. Gogoratu behar da etxebizitza tasatu bat ez dela etxebizitza babestu baten edo sozial baten berdina, besteak beste, garestiagoak izaten baitira tasatuak.
Kuartelek hartzen duten 17,5 hektareako eremuaz gain, Uliako sei hektareako eremu bat ere udalaren eskuetara pasatuko da, baina dena ezin da urbanizatu. Hain zuzen ere, 142.000 metro koadro bideratuko dituzte bizitegi erabilerara, eta 8.000 erabilera tertziariora, alkateak akordioa adostu zutenean esan zuenez.
Bestalde, kuarteletako bi eraikin nagusiak babestuta zeuden orain arte —Infanta Maria Teresa eta Princesa Mercedes—, baina, berriki, Espainiako Auzitegi Gorenak onartu egin ditu Donostiako Udalak eta Fiskaltzak Loiolako kuartelen inguruko azken sententziaren aurka aurkeztutako kasazio errekurtsoak. Horrela, auzitegiak bertan behera utzi du kuarteletako eraikin nagusiak babesteko agindua, Vox alderdi ultraeskuindarraren helegite batetik zetorrena, eta, beraz, udalak bota ahal izango ditu.