Hamar milazka hondatu eta Loretopean grafiti bat egin dutela salatu du udalak
Konponketak hasi dira dagoeneko, baina udalari "onartezinak" iruditzen zaizkio ekintza hauek.

Donostiako Udalak salatu du lehengo astean hamar milazka hondatu zituztela eta grafiti bat egin zutela Loretopean, Kontxako hondartza ondoan. Grafitian Ont hitza agertzen zen idatzita, txuriz. Udalak ekintza hauek “onartezinak direla” nabarmendu du eta dagoeneko hasi dira konponketa lanetan.
Hasteko, Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Carlos Garciak “grafitia guztiz garbitu dutela” ziurtatu du. Gainera, hau ezabatzeko erabilitako teknika azaldu du: “Presio handian bota dute ura, eta lurrean olana bat ipini dute hondakinak uretara ez erortzeko. Milazkei dagokionez, gaur aldatuko dituzte azkenekoak.
“Batzuen adeitasun ezak besteoi baliabideak kentzen dizkigu eta, gainera, hirian ingurune atseginean egoteko aukera kentzen digu”, salatu du Garciak. Halaber, jasotako laguntza eskertu du:”Hiri mantenuko taldeari eta parke eta lorategietako langileei esker, kalteak berehala konpondu ahal izan ditugu”.
Amaitzeko, zinegotziak ekintzak “jasanezinak” direla azpimarratu du.