Jacinto Polo Rios anarkista donostiarraren gorpuzkiak jaso ditu familiak

Duela ia bi aste identifikatu zituzten Jacinto Polo Rios anarkista donostiarraren gorpuzkiak Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) hilerrian, eta gaur eguerdian (hilak 23) jaso dituzte haren senideek, Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan. Izan ere, familiak erabaki du bertan ehorztea milizianoaren gorpuzkiak.
Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, Alberto Alonso Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak eta Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak parte hartu dute ekitaldian, eta, senideez gain, CNT sindikatu anarkistako ordezkari bat ere egon da ekitaldian.

Jacinto Polo Rios miliziano anarkistaren hainbat senide, Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan.Irekia
Malatesta batailoiko kidea
Polo 1936ko abenduaren 4ean hil zuten, Amorebieta-Etxanon (Bizkaia), 20 urte zituela. Eusko Jaurlaritzak gaineratu dutenez, “hezur hondarren azterketa forentseak erakusten du gerra frontean zauritu ostean, ebakuntza egin ziotela. Beraz, pentsatzekoa da, Elosun zauritu eta Amorebieta-Etxanoko ospitalera eraman zutela eta han, ebakuntzaren ostean, hil eta bertako hilerrian hobiratu zutela”.
CNT sindikatu anarkistarekin lotutako Malatesta batailoiko kidea zen donostiarra, eta sindikatu horren datu baseko informazioaren arabera, Sacco eta Vanzetti batailoietan ere borrokatu zen.
Euskal Prospekzio Taldeak, 36ko gerrako biktimen balizko ehorzketak aurkitzeaz arduratzen den heinean, parte hartu du proiektuan. Era berean, Aranzadi Zientzia Elkartea gorpuzkiak hobitik ateratzeaz eta auzitegi azterketa egiteaz arduratu da eta EHUko Biomics laborategia familiak emandako DNA laginak aztertzeaz eta erkatzeaz arduratu da. Gogora Institutuak koordinatutako Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programa-ren barruan egin dute prozesua.

Jacinto Polo Rios miliziano anarkistaren hainbat senide, Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan.Irekia

Jacinto Polo Rios miliziano anarkistaren hainbat senide, Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan.Irekia
149 gorpuzki
2023an egin zuten Amorebieta-Etxanoko hilerriko milizianoen gorpuzkiak hobitik ateratzeko lehenengo kanpaina ofiziala eta aste honetako astelehenean abiatu zuten bosgarrena. Denbora horretan, guztira, 149 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte hilerrian, horietako 22 azken kanpaina horretan, oraindik amaitutzat eman ez dutena. Poloren gorpuzkiak, bestalde, 2024an atera zituzten lurpetik.
Donostiarrarekin, bost dira identifikatzea lortu duten gorpuzkiak, 149 horietatik: Adolfo Cengotitabengoa Izurza, Muskizkoa (Bizkaia); Jaime Iñiguez Nieva, Ortuellakoa (Bizkaia); Enrique Contreras, Linaresekoa (Jaen, Andaluzia) eta Aretxabaletakoa (Gipuzkoa); Benigno Hierro Pinedo, Ortuellakoa (Bizkaia) eta Jacinto Polo Rios, Donostian jaioa.
Jaurlaritzaren arabera, Cengoitabengoa, Iñiguez eta Hierro Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako Perezagua batailoiko milizianoak ziren, eta egun berean hil ziren, 1937ko apirilaren 7an, Barazarko frontean. Contreras, aldiz, EAJri atxikitako Sarasketa batailoiko gudaria zen, eta apirilaren 6an hil zen, Diman, Barazar inguruan (Bizkaia). “Zonaldeak eta datak bat datozela ikusita”, Gogora Institutuak fronte horietan desagertutako gudularien senideak beraiekin harremanetan jartzera deitu ditu, gogora@euskadi.eus helbidean edo 944-03 28 45 telefonoan.