Jazzaldia Saria jaso du Bill Brufordek

Bill Bufordek jaso du edizio honetan banatuko dituzten hiru Jazzaldia Sarietako bat. Jazzaldian parte hartzen duten artistei ematen zaizkie sari horiek, musikaren arloan egin duten ibilbidea aitortzeko ez ezik, musikarien hainbat belaunaldirentzat erreferente ere bihurtu direlako. Edizio honetan hiru sari banatuko dituzte, eta Bufordez gain, Dee Dee Bridgwaterrek eta Marc Ribotek jasoko dute oroigarria.
Pete Roth Trio Featuring Bill Brufordek jazza sortzen du generoaren ohiko konbentzioetatik harago begiratzen duten musikazaleen belaunaldi berri batentzat. Mike Pratt baxuan eta Bill Bruford ospetsua baterian dira hirukote honetako kide. Brufordek King Crimson, YES eta Earthworks bezalako taldeetan parte hartu zuen. 2009an, zuzeneko emanaldiak utzi zituen, eta 2024an, hirukote honekin agertokietara itzultzea erabaki zuen. “Hirukote honek ezaugarri ugari ditu eta, bere jatorria herri musikan errotuta dagoen arren, bere konposizioak arautik atera eta jokaleku berriak planteatzen ditu. Sormenaren mundu horrek gitarra trio batek egin ahal duena berriro ebaluatzera behartzen gaitu. Horrela, soinu aniztasun handia aurkitzen dugu, konposizio originalekin, estandarren egokitzapenekin eta klasikoen berrinterpretazioekin”, nabarmendu du Jazzaldiak.
Gaineratu dutenez, Rothek, Bill Frisell gogora ekartzen duen estiloarekin, soinuak esploratzen ditu, “aratzenetik landuenera, artifizialtasunean erori gabe”. Prattek oinarri sendoa ematen du funketik Jazz modernoagora doazen eraginekin. Eta Brufordek, “sofistikatu eta zehatzak”, hirukotearen soinua aberasten du bere bateriari darion “estilo berdingabearekin”: beti konposizioaren zerbitzura, sentsibilitate erritmikoa ez ezik melodikoa ere erakutsita, eta bolumenaren gainetik espresioari eta xehetasunari bidea irekiz. “Hiru musikariek genero askoren ulermen sakona erakusten dute, eta naturaltasunez integratzen dute beren jazzaren proposamenean. Talde honek jazzaren arauak hautsi nahi ditu, bere autentikotasun, pasio eta birtuosismoarekin aberasteko”, azaldu dute.
Taldearen kontzertua gaur bertan entzuteko aukera izango da, 22:15ean, Fnac Gunean.