Jazzaldiko Nala Sinephroren kontzertua bertan behera gelditu da
Kontzerturako sarrerak erosita zituztenei dirua itzuliko diete.

Nala Sinephrok larunbateko kontzertua bertan behera utzi du, osasun arazoak direla eta. “Bihotza hautsita daukat larunbat honetan 60. Jazzaldiko emanaldia osasun arazoak direla eta bertan behera utziko dugula iragarri behar izateagatik”, deitoratu du artistak.
Sinephro artista karibetar eta belgikarrak haurtzaroa musikaz inguratuta pasatu zuen, izan ere, bere ama piano irakaslea da eta bere aita jazz saxofonista. 2021ean atera zuen bere lehenengo diskoa eta honek oso harrera ona izan zuen publikoaren eta kritikaren aldetik. Berak harpa, sintetizadorea, teklatuak eta pianoa jotzen ditu eta hauek nahastuz ambient jazz musika sortzen du.
Sarrerak erosita zituzten pertsonei dirua itzuliko diete. Batetik, Internet bidez erositakoak automatikoki itzuliko dira. Kursaaleko abonamenduak erosi dituztenei, berriz, zati proportzionala bueltatuko diete. Azkenik, Viktoria Eugenia Antzokiko eta Kursaal Auditorioko leihatiletan lortu dituztenak bertara bueltatu beharko dira dirua jasotzeko.