Donostia Turismoak Juneren Hegoak elkarteari egin dio bere ekarpen solidarioa

Bigarren urtez jarraian, Donostia Turismoaren esperientzia eta zerbitzu turistiko guztien salmentetatik bildutako diruaren %2a elkarte bati eman diote. Aurten, Errenteriako Juneren Hegoak elkarteak jaso du, gaixotasun larriak dituzten edo doluan dauden adingabeak dituzten familiei laguntzen diena. Iaz, Gipuzkoako Elikagaien Bankuari eman zioten.
Guztira, 8.000 euroko ekarpena egin diote Juneren Hegoak elkarteari, eta bi jarduera ildo osagarritan banatuko dituzte: %50 familien laguntza sozial eta emozionalerako erabiliko da, eta beste %50 uda amaitzean deituko den June Sanchez Tolaretxipi VI. Bekarako, haurren minbiziari buruzko ikerketa babesten jarraitzeko.
26 familia
Gipuzkoako hainbat udalerritako 26 familiari laguntzen die Juneren Hegoak elkarteak. Bere esku-hartzea malgua eta gizatiarra da, familia bakoitzaren beharretara egokituz, eta ospitale laguntza, jarraipen psikosoziala, profesionalekin eta kanpoko erakundeekin koordinatzea eta laguntza ekonomiko puntualak barne hartzen ditu.
Boluntario taldea da elkartearen oinarria, eta haien inplikazioa funtsezkoa da familiei laguntza osoa, gizatiarra eta duina eskaintzen dien laguntza sare horri eusteko.