EH Bilduk kuartelen prezioa kritikatu eta eremu horretan eraikiko duten auzoa modu adostuan egiteko eskatu du

Donostiako Udalak eta Defentsa Ministerioak Loiolako kuartelen salerosketarako akordioa sinatu ondoren, EH Bilduren udal taldeak “unearen garrantzia” aitortu du, baina zenbait alderdiren inguruko hausnarketa ere egin du, hala nola akordioaren “termino ekonomikoei” edo “aurrerantzean irekitzen diren aukeren kudeaketari” buruz.
Hain zuzen ere, EH Bilduk nabarmendu du Loiolako kuartelen salerosketa “mugarri historikoa” eta “berri ona” dela Donostiarentzat, hainbat arrazoirengatik. Batetik, Espainiako Defentsa Ministerioak bereganatu zituen lursail batzuk berreskuratu direlako, eta bestetik, hiriak dituen “erronka batzuei erantzuten laguntzeko aukerak” eskaintzen dituelako, “batez ere etxebizitzarena”.
Hala ere, adierazi dute bi aldeen artean itxitako akordio ekonomikoa ez datorrela bat “helburu bera dutela dioten bi erakunde publikoren arteko ondasunen salerosketarekin”. “Partikular batekin egindako salerosketaren antza handiagoa du. 73,3 milioi euro prezio altua dela uste dugu. Kopuru horri, gainera, gehitu behar zaio hamarnaka militarren eta familiartekoen etxebizitzek izango duten kostu ekonomikoa; izan ere, hitzarmenean jasotzen denez, badagokie etorkizuneko hirigintza operazioa egingo den eremuan beste bizileku bat ematea”, azaldu du EH Bilduk.
Hori dela eta, aukera hau “behar bezala kudeatzeko garaia” dela uste dute, akordio honek suposatzen duen ahalegin ekonomikoa “donostiar guztiena” delako. “EAJk etxebizitza babestuaren portzentajean atzera egin zuen bezala, azkenean EH Bildutik eskatzen genuenaren alde eginez, hau da, etxebizitza horien %100 babestua izatea, orain kudeaketa egoki baterako urrats hauek eman behar dira: gainerako indar politikoekin eta inguruko auzoetako herritarrekin adostasunak bilatzeko prozesu bat irekitzea eta auzo horietan dauden behar historikoei erantzuna ematea lehenestea eta garapen horretarako ezarri beharreko irizpideak onartzea bilatzea, etxebizitza, ekipamendu, zerbitzu, mugikortasun eta berdeguneei dagokienez, besteak beste”, aldarrikatu dute.
Halaber, akordio horiek antolatzen den edozein ideia lehiaketatan ezarri beharreko irizpideetan jasotzea eskatu dute, “Amarako topoaren trenbideak lurperatzeko proiektuarekin egin berri den ez bezala”. Izan ere, proiektu horretan, “oposizioarekin eta auzokideekin kontrastatu gabeko irizpideak” ezarri direla salatu dute.
Azkenik, etorkizuneko auzoaren izena “adostu” egin behar dela defendatu du EH Bilduk, “eta ez inposatu, duela gutxi Loiolako Lorategi Hirian egin den bezala”. “Horretarako udal batzorde espezifiko bat dago, oraindik legegintzaldi osoan deitu ez dena”, gogorarazi du. Gainera, militarrak nora joango diren argitu behar dela adierazi dute, eta ostatu non emango dieten azaldu.