Euskarabentura Donostian izan da

Hilaren 1ean abiatu zen Atharratzetik Euskarabentura espedizioaren zazpigarren edizioa, eta asteazken honetan Donostian pasatu zuten eguna. Hasiera batean, Piraten abordatzea egin behar zuten kaian, baina eguraldi txarragatik, plangintza aldatu behar izan zuten. Goizean, aurreikusitako moduan, udaletxean harrera ofiziala egin zieten abenturan parte hartzen ari diren Euskal Herri osoko 126 gazteei. Jarraian, Zuhaizti ikastetxera itzuli ziren, eta jarduera guztiak bertan egin zituzten. Esaterako, Markel Ormazabal, Donostiako Piraten sortzaileetariko bat, joan zitzaien bisitan, eta Piraten mugimenduaren berri eman zien gazteei.
Horren aurretik, Euskarabenturan parte hartzen ari diren Donostiako hainbat bizilagunekin hitz egiteko aukera izan zuen komunikabide honek. Haizea Solagurenbeaskoa donostiarra komunikazio taldean dago, eta Intza Eizagirre (16 urte), Martin Azurmendi (17 urte) eta Ander Zubeldia (16 urte), berriz, Amaratik abiatu ziren Euskarabentura espediziora. Beraien bizipenen inguruan hitz egin zuten, eta espedizioa nolakoa izaten ari den azaldu zuten.
Abenturari Getxon emango diote amaiera, hilaren 31n.