Octavio Alberola zendu da, Donostian Franco hiltzen saiatu zen anarkista
1962ko udan, CNT Francisco Franco diktadorea hiltzen saiatu zen Donostian, ETAren laguntzarekin. Octavio Alberola anarkistak koordinatu zuen ekintza, baina huts egin zuten.

Octavio Alberola Suriñach militante anarkista eta borrokalari antifrankista zendu da, 97 urterekin, Okzitaniako Perpinyan (Alayor, Herrialde Katalanak, 1928 — Perpinya, Okzitania, 2025). Donostiako pasarte historiko batekin harreman estua du Alberolak, izan ere, bera izan zen Francisco Franco diktadore faxista espainiarraren aurkako atentatu saiakera handiena koordinatu zuena, Donostian.
Balearretan jaioa (Herrialde Katalanak), 36ko gerraren ostean erbestera joan behar izan zuen Alberolaren familiak, Frantziako Estatura lehenik eta Mexikora ondoren. Mexikon, hain zuzen ere, erbesteko gazte libertarioekin eta CNT sindikatu anarkistarekin harremana edukitzen hasi zen. Horren bueltan, 1956an, Fidel Castro buru zuen Movimiento 26 de Julio mugimendu kubatar iraultzailearekin kolaboratu zuen, Fulgencio Batista diktadorea bota zuten arte.
1960ko hamarkadaren hasieran, klandestinitateko mugimendu antifrankistan murgildu zen; hain zuzen ere, orduan iritsi zen Donostiako magnizidio saiakera. 1962ko udan, CNTk Francoren aurkako atentatua prestatu zuen Donostian ETA erakunde sortu berriaren laguntzarekin, eta Alberola aritu zen ekintza koordinatzen. Hedabide honek atentatu saiakera haren inguruko erreportaje laburra argitaratu zuen 2024an; hemen irakur dezakezue.
Hala azaldu zuen militanteak berak ekintza, 2017an emandako elkarrizketa batean: “Arazoa zen bera pasatu behar zen errepidean jarri behar genuen karga lehergarria, logikoa denez, egun pare bat lehenago aktibatu behar genuela, bestela Guardia Zibilak dena hesituta izango zuelako. Materiala, igorlea eta detonagailua Julen Madariagak pasatu zizkigun, orduan ETAren zuzendaritzan zegoenak. Nolanahi ere, haiek ez zekiten Francoren aurkako atentatua zenik ere. Militante batzuek Urgull mendian kanpatu zuten, Aieteko jauregirako errepidea ikusteko leku ezin hobea baitzen. Orduan hasi zen zabaltzen urte horretan Franco Donostiara etorriko ez zelako zurrumurrua. Taldea urduritzen hasi zen, hogei kilo lehergai plastiko zeuden, heriotza zibilak eragin zitzaketenak, eta Francoren aurka atentatua egitea zen helburua, ez beste jende bat hiltzea. Beraz, Aieteko jauregitik zetorren segizio ofizial bat igaro ondoren leherraraztea erabaki genuen”. Gaur egun, ez dago leherketa horren arrasto fisikorik, baina, urte luzez, Muntoko baserriaren horman lehergailuak utzitako markak egon ziren, eremua berritzeko obrak egin zituzten arte.
Hurrengo urteetan, klandestinitatetik borrokatzen jarraitu zen, baita eragile politiko ezkertiar hainbatekin kolaboratzen ere, hainbatetan atxilotua eta espetxeratua izanda. Gutxienez, beste bi aldiz saiatu zen Alberola Franco hiltzen, La Sexta telebista katean 2020an emandako elkarrizketa batean azaldu zuenez. Azken hatsa eman arte, bere idealak argi izan dituen pertsona horietako bat izan da Alberola.