San Bartolomeko Herritarren Plataformak partaidetza prozesu bat abiatuko du irailaren 1ean

Udako bi hilabeteak “lanean” pasatuko dituela iragarri du San Bartolomeko Herritarren Plataformak. “Magalean merkataritza zentroa eraikitzeari uko egin arren, udalak promotoreari obra egiteko lizentzia luzatu zion”, deitoratu dute, beste behin ere.
Horren aurrean, San Bartolome muinoaren magala parke publiko bihurtzeko proposamena irudikatu dute. Horretarako, adimen artifiziala erabili dute, eta oinarrizko ideia bat dela adierazi dute.
Irudi horrekin iragarri dute irailaren 1ean abiatuko duten partaidetza prozesua, “mendi magaleko oinarrizko irizpideak definitzeko eta hiri parke irisgarri gisa berreskuratzeko”. Egun horretan, parkeari buruzko informazio erakusketa bat inauguratuko dute beraien webgunean. “Mendi magalaren abandonu egoerari, udalaren jarrerari eta 4.000 metro koadroko berdegune hori berreskuratzeko ideiei buruzko datuak emango ditugu. Erakusketak memoria txiki bat eta irudi interesgarriak eskainiko ditu”, azaldu dute.