Sorpresa bat eta esperotako zerbait
60. Jazzaldiko lehenengo sorpresa ona heldu zen asteazkenean: Minyo Crusaders talde japoniarra. Jamie Cullum izarrak jo zuen ondoren hondartzan, kontzertu ona, baina ez apartekoa eskainiz.

Egun osoan zehar eten gutxi eduki zuen euri zaparradak arnasaldi bat eskaini zuen Donostiako 60. Jazzaldiaren doako kontzertuen hasierarako, eta eskerrak, gutxitan ikusten den emanaldi horietako bat galduko zutelako zaleek bestela. Izan ere, jaialdiaren hasiera-hasieran heldu da aurtengo lehenengo sorpresa ona: Minyo Crusaders talde japoniarra.
Kursaaleko terraza nagusian jo zuten japoniarrek, Frigo agertokian, eta, lehen minututik, terraza bete zuten ikusleak poltsikoan sartu zituzten, hemen gutxitan entzuten diren doinuekin. Hain zuzen ere, taldeak min’yō izeneko musika japoniar tradizionala du oinarri, erritmo karibetar, afrikar, asiar eta latinoekin nahastuta. Azaldu zutenez, tradizionalki, langile klasearen abesti herrikoiek osatzen dute estilo hori, lan abestiek, eta Japonian “galtzen” ari da.

Minyo Crusaders taldeak erritmo biziko kontzertua eman zuen Kursaaleko terraza nagusian.Lolo Vasco/Jazzaldia
Horregatik, taldeak, min’yō bizirik mantendu nahian, modernizatu eta beste maila batera eraman du estilo tradizional hori, erritmo dantzagarri eta errepika gogoraerrazekin. Tarteka, errekonozitzeko errazak ziren jazz doinuak entzuten ziren haize instrumentuetatik, oholtzan zituzten hiru perkusio mota desberdinetatik cumbia zein jazz latino erritmoak entzuten ziren jarraian eta baita Katsumi Tanaka gitarristaren punteatze eta Toshio Digi Fujino baxu jotzailearen erritmo biziak ere, Moe teklatu jotzailearen sample eta soinu bitxiek —bideojokoenak, besteak beste— lagunduta.
Eta, hori guztia, taldekideen gertutasun eta alaitasunak lagunduta. Une batzuetan, terrazako ohiko aulkien inguruan zutik zeuden ikusleak ez ezik —beste behin ere, aulkirik ez jartzeko edo, behintzat, gutxiago jartzeko kontzertua izan zen—, eserita zeuden batzuk dantzatzen ere jarri zituen taldeak, estilo japoniar argiko koreografia ederrekin. Hondartzako agertokian jotzeko moduko taldea dela erakutsi zuen Minyo Crusadersek, ikusiko al dugu hurrengo urteotan Zurriolan? Momentuz, talde interesgarri bat deskubritzeko parada eduki zuten atzo Jazzaldira bertaratutakoek, eta ez da gutxi.
Cullum, esperotakoa
Jamie Cullum nazioarteko izarra da aurtengo Jazzaldiko izen handiena edo, behintzat, ezagunena. Asteartean Kursaalean ordainpeko kontzertua eman ostean, Zurriolako hondartzako Keler agertoki handian jo zuen asteazken iluntzean, aurreko orduetako euriaren ondorioz, segur aski, esperotakoa baino jende gutxiago batuz baina, hala ere, jende ugari bertaratzea lortuz.
“Bere berezitasunetako bat da programatzaileoi ezer gutxi kontatzen digula eskainiko duenaren inguruan”, azaldu zion Miguel Martin zuzendariak hedabide honi joan den astean eta, ziur aski, oso desberdinak izango ziren Kursaaleko kontzertua eta hondartzakoa, Zurriolan atzo eskaini zuena ez baitzen ordainpeko kontzertu batean eskaintzeko modukoa, festarako emanaldi bat izan zen. Hori da hondartzak eskatzen duena eta Cullumek espazioa ondo irakurri zuela esan daiteke, beraz.

Zurriolako hondartzako ikusleen artean abestera jaitsi zen une batean Jamie Cullum.Lolo Vasco/Jazzaldia
Izan ere, soul, jazz eta pop abesti ezagunen bertsioz beteriko kontzertu bat izan zen, tarteka bere abesti batzuk joz, edonorentzat entzuteko atsegina zen kontzertu bat osatuz. Get Your Way, Singin’ in the Rain, Everybody Loves the Sunshine, Uptown Funk eta Killing in the Name-ren moduko abestiak jo zituen, bere estilo propioarekin eta inguruan zuen banda apartak lagunduta. Eta, noski, oholtza gainean Cullumek duen energia nekaezin hori izan zen nagusi kontzertu osoan zehar; gertutasuna ere erakutsi zuen behin baino gehiagotan, besteak beste, harera jaitsi baitzen une batean, jendartean abestera.
Horrekin guztiarekin, ordea, ez zen harago joan. Kontzertu on bat izan zen, musikalki maila handikoa eta entzuteko atsegina, baina aparteko unerik gabekoa. Bertsio polit batzuk, erritmo dantzagarriak eta giro ona, baina ezustekorik ez, momentu gogoangarririk ez. Tira, segur aski, hori da hondartzako kontzertuei eskatu behar zaiena, emanaldi atsegina izatea eta giro ona jartzea —txalo zaparrada jaso zuen Cullumek amaieran—. Eta kito.
Hori bai, agertokia eta giroa hasieratik ondo irakurri zuen moduan, amaiera ez zuen horren ondo irakurri Cullumek, kontzertua dantzan bukatu ostean, berak bakarrik pianoan abesten bukatu baitzuen emanaldia, bis polit, baina, berriz, ez gogoangarri batekin.