Zer plan astebururako Donostian?

Astebururako plan bila bazabiltza, aspertzeko asti gutxi edukiko duzu Donostian. Izan ere, alde batetik, ez ahaztu Zubietako jaiak ospatuko dituztela asteburu honetan; hemen daukazu egitaraua. Bestetik, noski, 60. Jazzaldi bete-betean murgilduta dago hiria, eta asko dira hiriko hainbat txokotan antolatu dituzten kontzertuak; egitarau osoa hemen ikus dezakezu. Hortik harago, ordea, bada kultur eta aisialdi eskaintzarik hirian, eta gure agendan aukeraketa zabala aurkituko duzu, baina, jarraian, egun bakoitzeko gomendio bat egingo dizugu:
Ostiralean (hilak 25), Tabakalerara joatea da gure gomendioa, Soundtrack to a coup d’etat filma ikustera, 19:00etan. Johan Grimonprezen 2024ko filma Jazzinema zikloaren barruan emango dute, eta sarrerak Tabakaleraren webgunean daude salgai, 4 euroan.
Larunbatean (hilak 26), ibilaldi xelebre bat proposatuko dizugu: Donostiako desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak ibilaldi berezi eta ironiko bat antolatu du, mezu argi batekin: “Ezagutu Donostiako ohitura berriak”. 12:00etan izango da, Parte Zaharreko Sarriegi plazatik abiatuta.
Igandean (hilak 27), berrireki berri duten Altxerri aretora joatea gomendatzen dizugu, David Cid Trio jazz hirukotearen kontzertua ikustera. Jazzaz espazio intimoago batean disfrutatzeko aukera aparta izango da, 19:30ean.
Bonus track. Astean zehar haurrekin egiteko plan bat ere proposatuko dizugu: Urgulleko Natur Txokora igotzea astelehenean, 18:00etan egingo dute ipuin kontaketara.