Amara-Goizueta, Donostiako beste Klasikoa
Nazioarteko zein tokiko txirrindularitzaren izar eta zale ugari bildu ohi ditu urtero Donostiako Klasikoak, baina hiriak bazuen beste Klasiko bat, duela urte batzuk arte: Amara-Goizueta Klasiko herrikoia. Lehiarik eta erakustaldi fisikorik ez zuen, baina bai jai giro aparta.

Donostiako eta inguruko edozein ziklistarentzat, entrenatzeko bide ohikoenetako bat da Hernanitik Goizuetaraino (Nafarroa) doan errepidekoa. Bada, entrenamendu gune ez ezik, martxa zikloturista baten ibilbidea ere izan zen urte luzez: Amara-Goizueta Klasikoarena.
1984an jaio zen martxa hori, Amarako lagun talde baten burutaziotik: «Beltzaren [Jon Lakunza] eta bion arteko apustu bat izan zen hasieran. Hamabi atera ginen lehenengo aldian, hiru taldetan banatuta. Gustatu zitzaigun, eta urte berean beste bi aldiz egin genuen. Ondoren, urtean behin egiten hasi ginen», azaldu zion Iñaki Goñi Nerbios-ek hedabide honi 2022an, Donosti Berri elkartearen mendeurrenaren inguruko erreportajean.
Elkarte horretatik antolatu zuten urtero-urtero martxa, 2009ra arte. Urte horretan, 25. urteurrena ospatu eta azken aldiz egin zuten. Oso jendetsua izatera heldu zen, urte batzuetan 100 parte hartzaile izatera ere heldu baitziren.
Nahitaezkoa zen Aranoko bidegurutzeko hornidura puntuan geldialdia egitea, eta bi edari mota edan zitezkeen bertan: garagardoa edo kalimotxoa
Izaera xelebrea
Zentzu askotan zen xelebrea Amara-Goizueta martxa zikloturista: parte hartzaileetako batzuek urte osoan zehar bizikleta ukitu ere ez zuten egiten, batzuk mozorrotuta joaten ziren, irabazleak barazki sorta bat irabazten zuen, auzoko taberna eta dendek emandako produktuekin egiten zituzten gainerako sariak —mozorro onenarena, txirrindulari gazteenarena, eta abar— eta, bereziena, hornidura puntu berezi bat jartzen zuten Aranoko bidegurutzean.
Klasikoa erabat herrikoia zen, oso askea, baina gauza baterako serio jartzen ziren: nahitaezkoa zen hornidura puntu horretan geldialdia egitea, eta bi edari mota edan zitezkeen bertan: garagardoa edo kalimotxoa. Ibon Gaztañazpi kazetariak ondo islatu zuen Amara-Goizueta Klasikoko giroa 2007an, IRUTXULOKO HITZAn idatzitako kronikan, bitxikeria historiko batzuk kontatuz: «Ehun txirrindularitik gora parte hartu duten edizioak ere izan omen dira. Baita Goizuetako tabernetako garagardo eta ardo kupelak bukatu direnak ere. Guardia zibilez inguratuta egindako sari banaketa ekitaldi gogoangarriak ere bai».
Hornidura puntuan eta Goizuetan ez ezik, errepide osoan zehar giro bikaina egon ohi zen, auzotar ugari bertaratzen baitziren animatzera, eta, ondoren, Goizuetan egiten zuten parrandaz disfrutatzera. Izan ere, soilik joanekoa zen martxa, itzuli autoetan edo hala moduz itzultzen ziren. Baina hori beste istorio bat da.