Auzokideak jaietan laguntzera gonbidatu dituzte Amaran
Hilaren 30etik abuztuaren 3ra bitarte, jaietan murgilduta egongo dira Amaran. Urtero moduan, ez dira faltako jai horien berezitasuna diren kontzertuen tartean egiten dituzten jolasak, eta hainbat jardueretarako izen emateak zabalik daude.

Amarako jaiak hilaren 30ean hasiko dira, eta auzoa prest dago bost egunez festetan murgiltzeko. Jai batzordeak azaldu duenez, urtean zehar, ondo moldatu dira egitaraua pixkanaka lotzen joateko, “aurreikusitakoa baino hobeto eta garaiz”. Izan ere, batzordean bertan duten giroak asko laguntzen du horretan, eta, ziurtatu dutenez, “motibazioa ez da falta”. Hala ere, jaiak gainean dituztela, auzokideak gonbidatu nahi izan dituzte txandak egitera, herri bazkarian, kaleak mozten edo txosnan, denon laguntza «beharrezkoa» dela argudiatuz. Hemen daukazue egitaraua.
Jai batzordearen arabera, aurten ez da berritasunik izango, baina Haurren Eguna “finkatu eta egonkortu” dutela nabarmendu dute. Hain zuzen ere, egun horrekin hasiko dituzte jaiak, jarduera sorta eder batekin: haurrentzako eskulan tailerrak, apar festa, haur bazkaria eta bingo musikatua izango dira eguerdira bitarte; arratsaldean, berriz, Historias de un baul antzezlana eta 3Txulo txaranga izango dituzte pregoiaren aurretik.
Festek auzokideekin harremantzeko eta elkarrekin giro atseginean gozatzeko aukera ematen dutela nabarmendu du jai batzordeak
19:00etan izango da pregoia, eta une horretatik aurrera, askotariko jarduerak izango dituzte auzoan. Hala ere, zerbait nabarmentzekotan, kontzertuen tartean egin ohi dituzten jarduerak aipatu ditu jai batzordeak: “Horiek dira Amarako jaiei berezitasuna ematen dietenak, giza kroketa txapelketa, takoi lasterketa eta sokasalto herrikoia, hain zuzen ere”.
Adierazi dutenez, auzoa jaietarako gogoz dago, izan ere, “jaiek aukera ematen dute auzokideekin harremantzeko eta belaunaldi desberdinek elkarrekin jai giro atseginean gozatu eta lan egiteko”. Hain zuzen ere, auzotarrek elkarrekin egiten dituzte jaietako hainbat jarduera. Horien artean, paella eta marmitako txapelketak eta danborrada herrikoia nabarmentzen dira, besteak beste. Batzordeak adierazi du horietan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar dela, amarako.jaia.batzordea@gmail.com emailera idatziz.
Kontzertu eskaintza
Ohiko moduan, kontzertuak programatu dituzte gauak girotzeko. “Urtero saiatzen gara kontzertuetarako auzoko edo Donostia inguruko jendea ekartzen. Horrez gain, bilatzen dugu euskaraz izatea eta oholtzan espazioa eskaintzea emakume eta orotariko gorputz disidenteei”, nabarmendu dute.
Horrela, La Txama, La Fulana DJ-a, Piru DJ-a, Arrixku, Udda eta Adarrak DJ-ak eta MJ Oliba eta Antxoa igoko dira jaietako oholtzara, auzoa dantzan jarri eta une gogoangarriak uzteko asmoz.