«Bizikletak gauza on bat du: kaskoa eta betaurrekoak»
Xabier Mikel Azparrenek (Egia, 1999) Euskaltel Euskadin hasi zuen bere profesionaletako txirrindularitza ibilbidea. Orain, Q36.5 Pro Cycling Team taldean dabil eta klasiko eta itzuli handietan parte hartzen ari da. Euskal txirrindularitzaren egoera nahi baino «okerrago» ikusten du, nahiz eta Euskaltelen moduko taldeak denboraldi ona egiten ari diren.

Zer moduzko esperientzia izan zen Italiako Giroa?
Momentuz kirolean izan dudan esperientziarik hoberenetarikoa izan da, eta gogorrena. Bi Espainiako Vuelta egin ditut, baina txirrindularitza azkenaldian hartzen ari den bidea ikusita eta itzuli handietan lehenengoa izanik, gogorrena dela uste dut. Esperientzia oso onuragarria izan da.
Giroko erlojupekoan guztiz gustura geratu zinen hamargarren postu horrekin?
Pisako erlojupeko hori denboraldiko helburuetako bat zen, beraz, lehen hamarretan sartzea aurreikusten genuen. Gauzak pixka bat aldrebes atera ziren, eta mentalki egunik gogorrena izan zen, nahiz eta jendeak uste hoberena izan zela. Emaitza ona izan zen, baina mentalki okerren pasa nuen egun izan zen, eta gutxien disfrutatu nuen etapa.
Zerk eragin zizun hain gaizki pasatzea?
Fisikoki dena eman nuen eta gustura nago horrekin, baina nire eskuetatik kanpo dagoen zerbaitek emaitza hori okertzea izorratzen nauen zerbait da.
Klasikoren batean ere parte hartu duzu aurten. Zer nahiago duzu klasiko bat edo itzuli handi bat?
Itzuli handi bat, zalantzarik gabe. Ni itzuli handietako ziklista naiz. Oso ondo sentitzen naiz nekea azaltzen hasten denean. Pisako erlojupekoa hainbeste gustatzen zitzaidan horregatik, Giroko hamargarren egunean zelako. 21. egunean izango balitz, hobe. Egun bateko lasterketetan ondo mugitzen naiz, baina nire rola lan egitea izaten da, eta nire emaitzak bilatzeko nahiago ditut itzuliak.
Thomas Pidcockentzat egiten duzu lan. Nola da harremana berarekin biak adin berekoak izanda?
Batera gutxi entrenatu dugu, baina egutegi berdina eduki dugu orain arte, eta denbora asko pasatu dugu elkarrekin eta ezagutzeko aukera izan dut. Lider-morroi harreman hori soilik errepidean dugu. Errepidetik kanpo oso ondo eramaten gara, berak ere kontuan izaten ditu nik esaten dizkiodan gauzak. Erlazioa polita da.
Denok dugu gogoan Pidcocken jaitsiera 2022ko Frantziako Tourrean. Haren trikimailuak irakatsi dizkizu?
Ni nahiko ona naiz jaisten, baina berarekin asko hobetu dut. Jaisten hasten naizenean bere mailatik gertu ibili naitekeela uste dut. Giroko hamaseigarren etapan ni ihesaldian nindoan eta bera talde nagusitik atzera gelditu zen. Laguntzeko itxaron nion eta jaitsieran talde nagusira itzultzea lortu genuen. Pena ematen dit ez zegoela kamerarik momentu hori grabatzeko.
Euskaltel Euskadi taldetik joan zinen profesionaltasun bila. Nola daramazu etxetik kanpo hainbeste denbora egotea?
Geroz eta denbora gehiago gaude etxetik kanpo, lasterketetara lehenago goaz, lasterketa artean hor gelditzen gara ere, kontzentrazioak luzeagoak dira eta horrek asko eskatzen dizu alde mentaletik. Nik ondo daramat, etxekoek errazten didatelako. Lagunek eta bikotekideak asko eragiten dute horretan. Haiek faltan botatzen zaituztela esaten badizute zu ere bueltak ematen hasten zara eta okerragoa da. Bereziki eskertzen dut nire lagunek eta nire bikotekideak duten ulermen puntu hori, eta asko errazten didate lana ni kanpoan nagoenean nirean zentratzeko. Emaitzek ere laguntzen dute; orain, emaitzak ateratzen ari dira eta ni pozik nago egiten ari naizenarekin.
Nola ikusten duzu euskal taldeen edo euskal txirrindularitzaren egoera?
Gustatuko litzaidakeena baino okerrago ikusten dut. Txirrindularitzan diru asko sartzen ari da, baina diru hori talde batzuetan gelditzen da, eta talde txikiek ez dutenean lortzen horrelako babesle handi bat edo proiektuan inbertitu nahi duen norbait, asko nabaritzen dute. Euskaltel denboraldi ona egiten ari da haien aukeren barruan garaipenak lortzen, postu onak lortzen eta egutegi bat diseinatuz puntuak lortzeko. Baina, oso zaila dute lehiatzea, bai material aldetik, bai lantalde aldetik. Inbertsio hori guztia gero emaitzetan nabaritzen da.
Anaia ere txirrindularia da eta talde berean zaudete, Q36.5 Pro Cycling Team taldean. Anaia edukitzeak errazten du egun horiek guztiak errazago eramaten?
Aurten faltan botatzen ari naiz nire anaia entrenatzen. Daukan lesioa nahiko konplikatua da, eta momentuz ez dago entrenatzeko puntu horretan. Ordubete ateratzen da entrenatzera baina gutxi gehiago. Baina ondo dagoenean asko eskertzen da. Bestela, oso kirol bakartia da entrenatzen ari zarenean, oso jende gutxi egon daiteke zure mailan entrenatzen duena, eta ordu asko pasatzen dituzu errepidean bakarrik. Askotan disfrutatzen duzu, baina badaude egun txarrak eta norbait edukitzea entrenatzeko asko eskertzen da.
Zer moduz dago anaia?
Ba, berdintsu jarraitzen du. Ez du asko hobetu eta arazo berdinarekin jarraitzen du. Medikuek ez dakite oso ondo zer duen, eta berarentzat zaila da, ezjakintasun horrengatik. Errazagoa da eroriko bat duzunean eta zerbait hautsi duzunean urtebete geldirik egon behar zarela esaten dizutenean; edo ezin bazara bueltatu eta hemen bukatu behar bada zure ibilbidea. Baina berak hori ez du.
Zer du?
Ezkerreko hankan muskulua galdu du eta indar galera bat dauka; sentsibilitate gutxiago dauka nerbioetan.
Zer lasterketa gelditzen zaizkizu denboraldi honetan?
Denboraldia oso ondo antolatu dugu eta bi bloketan banatu dugu. Horrek familiarekin, lagunekin eta bikotearekin denbora egoteko aukera eman dit udako hilabeteren batean. Ideia nagusia dena ondo baldin badoa, etxeko lasterketak egitea da, Ordizia eta Getxoko Klasikoak. Aukera txiki bat egon daiteke Donostiako Klasikorako gonbidapena jasotzeko, baina ez da ziurra. Gero Gaztela eta Leongo Klasikoa, Burgosko itzulia eta Espainiako Vuelta. Gero, zalantza dut Lombardiako itzulia edo nazioetako erlojupeko txapelketa egingo dudan.
Nabaritzen duzu jendeak gehiago ezagutzen zaituela?
Bizikletak gauza on bat du: kaskoa eta betaurrekoak. Ezjakintasun puntu bat ematen du. Puntu bateraino gustatzen zait jendeak ezagutzea, baina nire bizitza normalarekin jarraitzea ere gustatzen zait. Baina egia da geroz eta jende gehiagok ezagutzen nauela. Girotik itzultzean, nire bizilagun guztiak konturatu ziren txirrindularia nintzela.
Eta zer moduz daramazu?
Donostian, orokorrean, jendeak errespetatzen du, eta horregatik gustatzen zait hainbeste hemen bizitzea. Nahiko lotsatia naiz, eta ez zait inoiz gustatu txirrindulari izateagatik aprobetxatzea. Eskertzen dut jendeak normal jarraitzea. Giroa eta gero nire lagunekin gelditu nintzenean, esan zidaten Giroa izan nuela nire egoa puzteko, baina beraiek hor zeudela nire ego hori husteko.